Igandean, Donibane Lohitzunen izan zen Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldea. Udaberria Dantzan ekimenean parte hartu zuten dantzari eta musikari beasaindarrek, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako beste zazpi taldeko kiderekin batera. Ekimena Begiraleak taldekoek antolatua izan zen.
Aurtzakako helduen taldekoek Igartzako Dantzak eskaini zituzten Donibane Lohizunen. Lehen aldiz, gainera, Igartzako Ezpatadantza itsas-bazterrean dantzatu zuten; hori horrela, “momentu horretan hondartzan zeudenek beasaindar doinuez gozatu zuten”, azaldu dute Aurtzakatik. Ondoren, kaleetan zehar dantzan ibili eta gero, Luis XIV Plazan gainereako taldeekin elkartu eta dantza emanaldi bateratua eskaini zuten, ingurukoen arreta erakarriz eta harridura sortuz.
Aurten, helduen taldea ez zen Donibane Lohizunera bakarrik joan, Aurtzakako gaztetxoen talde bat ere bertaratu zen. Azken hauek Loinazko Ezpatadantza eskaini zuten, beste dantza batzuen artean, goizean zehar, Luis XIV Plazan. Beasainen, urtero, Loinatz jaietako astelehenean dantzatzen den dantza da, San Martinen prozesioarekin batera, lau aldiz.
1897ko irudia
Igandean, Aurtzaka Dantza Taldeak gogora ekarri nahi izan zuen 1897an ateratako irudi bat, egun Baionako Euskal Museoan gordea dagoena. Argazkia Donibane Lohizuneko Euskal Jaietan atera zen, eta bertan agertzen diren dantzariak beasaindarrak ziren. Urte askoren ondoren, Aurtzakako dantzariek argazkia erreproduzitu zuten asteburuan.