Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak denboraldiko emakumezko entrenatzaile onenari sari bat emango dio eta izendatuen artean Urola taldeko Nagore Silvan dago.

Silvan Azkoitian bizi da, baina Zumarragan jaio zen. Bere aitak Urola futbol taldean jokatu zuen eta berak Urola eskubaloi taldean. Eskubaloia oso gustuko du eta Azkoitiko gaztetxoak entrenatu izan ditu. Han eskubaloi klubik ez dagoenez, bere eskutik, hamar bat azkoitiarrek Urolaren talde ezberdinetan jokatzen dute.

Silvanek Urolaren nesken lehen taldea entrenatzen du egun. Talde hori jokalari gutxirekin gelditu zen eta gazte mailako asko igo zituzten. Hala, beraiek baino zaharragoak direnen aurka jokatu dute.

Beste hiru izendatuak Arrasateko Ane Herrero, Ordiziako Marina Etxeberria eta Munttarpeko Nagore Tolosa dira. Lau izendatuen artean, Silvan da emakumezkoen talde bat entrenatzen duen bakarra. Beste hiruek gizonezkoen taldeak entrenatzen dituze. Gipuzkoako klubek bozketa batean parte hartuko dute, emakumezko entrenatzaile onena hautatzeko.

Emakumezko entrenatzaile onenari sariak Ana Mari Kreye du izena. Kreye eskubaloiaren aitzindarietako bat izan zen Gipuzkoan. 1929an jaio zen, Errenterian. Bere aita alemaniarra zen. Gorputz Hezkuntzako irakaslea izan zen Donostiako San Bartolome ikastetxean, eskubaloi taldeak sortu zituen eta 52 urterekin jokatu zuen azken partida.