Síguenos en redes sociales:

Aretxabaleta: Elkartruke ekimena Montferri herriko bizilagunekin

Aretxabaleta: Elkartruke ekimena Montferri herriko bizilagunekin

Asteburu honetan Aretxabaletako Urbaltz Elkarteko bazkideen eta Tarragonako Montferri herriko bizilagunen arteko laugarren topaketa izango da protagonista. Gaurtik igandera arte ekintza ugarekin gozatzeko aukera egongo da; hala nola, bertako produktuen pintxoak eta artisau garagardo dastaketa, bolo txapelketa, herri bazkaria eta musika emanaldia. “Urbaltz Elkarteko bazkide batzuen harreman pertsonala medio, elkartruke ekimena planteatu zen. Horrela, 2019ko otsailean hemendik hara autobuskada bat joan zen, eta urte berean, baina ekainean, eurek bisita bueltatu zuten. Pandemia sasoian, 2020an eta 2021ean ezin izan zen topaketarik egin, hala ere, sortutako harremana mantendu genuen”, adierazi du Unai Iturriotzek. 2022ko otsailean, aldiz, aretxabaletarrak Tarragonara joan ziren eta, oraingoan, eurei dagokie bisita hori itzultzea. Guztira, Montferritik 47 lagun etorriko dira.

Kataluniarren egonaldia aprobetxatuta, Urbaltzen Eguna ere ospatuko dute bihar, baina aurretik, gaur, giroa pizten hasiko dira. Era honetan, Mitarte plazan talo-txosna irekiko dute 20.30ean, eta bertan ekoiztutako produktuak dastatu ahal izango dira; hanburgesak eta gazta, esaterako.

Bihar, Trigger (Eñaut Zubizarreta biolontxelo jolea) & Larraitz Iparragirre (marrazkilaria) live art show-a izango da, 13.30etik aurrera. Herri bazkariaren ostean, Aretxarte Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolatutako ekintzetan parte hartuko dute, eta 21.30ean, afari-pasada egongo da, bost euroren truke. 22.30ean, ordea, bolo txapelketak hartuko du lekukoa. Laugarren topaketari amaiera emateko, iganderako hainbat ekintza kultural prestatu dituzte.