Sorospen-zerbitzua aurreratu egin dute urte honetan Orioko hondartzan. Gipuzkoako kostaldeko herrietan bezala, Orion ere ekainaren 15ean irekiko da aurtengo hondartza-denboraldia eta irailaren 15era arte iraungo du. Herritarrengandik jasotako eskaerari erantzuna emanez, sorospen-zerbitzua luzatzea erabaki du aurten Udalak. Hala jaso du zerbitzua adjudikatzeko lizitazio berrian.
Horren ondorioz, sorospen-zerbitzua ekaineko lehen bi asteburuetan ere eskainiko da (ekainak 3-4 eta 10-11). Denboraldiaren amaieran ere, iraileko azken hiru asteburuetan eskainiko da zerbitzua (irailak 16, 17, 23, 24 eta 30 eta urriak 1).
Antillako kabinak, aldiz, beti bezala izango dira martxan. Hau da, ekainaren 15etik iralaren 15era arte. Egunero egongo dira zabalik 11.00etatik 22.00etara eta komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.
Aulkiak, paipoak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere izango da. Zerbitzu horiek erabiltzeko prezioak hauek izango dira: aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko eguneko prezioa 60 zentimokoa da, asteko prezioa 2,50 euro, hilabete osokoa 7,50 euro eta denboraldi osokoa 20 euro.
Bestalde etzaulkiak eta surf-taulak takiletan uzteko eguneko prezioa 80 zentimokoa da, asteko prezioa 4,50 euro, hilabete osokoa 12,50 euro eta denboraldi osokoa 30 euro.