Europako Batzordeari Plastic Energyren egitasmoaren berri emango diote Zumarragako Elkarrekin Podemosetik. Europako araudia urra dezakeela uste du.

Lursailak ingurumena eta herritarren osasuna errespetatzen duten enpresak erakartzeko erabili behar direla diote. “Plastic Energy-k ordea, plastikoak pirolisi bidez erretzen dituen lantegi bat ireki nahi du Zumarragan. Europako araudiaren arabera, pirolisia errausketa prozesu bat da. Prozesu horrek kutsatu egiten du eta osasunarentzat oso arriskutsuak diren sustantziaak isurtzen ditu”.

Sara Rego Ezker Batuko eurodiputatuak halako lantegi bat musika eskolatik, etxebizitzetatik, La Salle-Legazpi ikastetxetik, anbulatoriotik eta ospitaletik gertu irekitzea egokia den galdetuko dio Europako Batzordeari.

Estatu espainiarreko Ingurumen Idazkaria, Hugo Moran, ere Zumarragan egon da. Arcelorreko egitasmoak ez duela herritarren osasuna arriskutan jartzen esan du. “Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloa ingurumenaren aldekoa da, ekonomia zirkularra bultzatuko du eta zumarragarren osasuna errespetatuko du”, esan du. Ez dela erraustegia gehitu zuen. “Ez du oxigenorik erabiltzen eta, beraz, ez dago errekun-tzarik”, azaldu du.

Mikel Serrano alkateak beste alderdiek herritarrek “beldurtu” nahi dituztela esan du, “irabazi politikoa” lortzeko. “Oposizioak eta oposizioak sortutako plataformak esandakoa gezurra da. Sare sozialetan zabaldu den bideoa muntaia da. Bideoan ikusten dena ez da Zumarragan egingo dena”.