Ikuspegi feminista Oiartzungo kirolean
Kirolean ikuspegi feminista txertatzeko diagnostikoa egiten ari da Oiartzungo Udala, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko neurriak har-tzeko. Gogorazi dutenez, iaz liburutegiko haurren liburuen azterketa egin zuten eta aditzera eman dutenez, bide hau lantzen jarraituko dute. Izan ere, Oiartzungo Udalaren helburua sail eta esparru guztietan ikuspegi feminista jorratzea da.
Kirolean emakumeen presentzia eta zein oztopo dituzten inguruko diagnostikoa martxan jartzeko bi saio ireki antolatu ditu Udalak datozen egunetan.
Maiatzaren 29an 17.00etan egingo dute lehenengoa, federatuta dauden emakumeekin. Kirola eta ariketa fisikoa federatu gabe egiten duten emakumeekin egingo dute bigarrena, ekainaren 6an 17.30ean. Udaletxeko bilera gelan izango dira biak.
Arlo federatuan edo norbere kabuz kirola egiten duten herriko emakumeak gonbidatu nahi ditu prozesuan parte hartzera, guztion bizipenak eta iritziak garrantzitsuak izango baitira diagnostikoa osatu eta zuzenketa ekintzak definitzeko. Ze neurri hartu beharko lirateke Udaletik herrian kirol arloan emakumeen partaidetza sustatzeko? galderari erantzungo diote.
Udalean garrantzia handia du Kirol sailak. Herriko azpiegitura eta zerbitzu garrantzitsuak kudeatzen dira bertatik (kiroldegia, frontoiak, futbol zelaia…). Aurrekontu handia du eta kirol elkarteei bideratzen den dirulaguntza kopurua ere garran-tzitsua da. Eskola Kirola zerbitzua ere bertatik kudeatzen da, umeen gizarteratzeko baliabide esangura-tsua dena. Horregatik da estrategikoa sail honetan eragitea.
Gainera, “kirol arloa gizonen eremua izan da tradizioz eta bertan parte hartzeko hamaika muga eta oztopo jarri zaizkie emakumeei, bereziki gizonezkotzat hartu diren kiroletan”, esan dute. Egoera asko hobetu den arren, badago oraindik bidea egiteko. Horregatik diagnostiko honekin guztientzat izango diren kirol baliabideak eta eskaintza bermatu nahi ditu Udalak.
Alabaina, Kirol sailean azkeneko urteetan egin dira emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko hainbat ahalegin: kontratazioetan berdintasun klausulak sartu dira, berdintasunean formazioa jaso dute teknikari eta entrenatzaileek, kirolean emakumeek duten presentzia ikusarazteko ekintzak egin dira Kirol Astean…
Hortaz, bide honetan eman beharreko pauso berriak identifikatzeko diagnostikoa egin eta ekintza plana zehaztuko du orain Udalak.
Urrian ospatuko den Kirol Astean aurkeztuko dituzte prozesuaren emaitzak eta hobekuntza lan-lerroak.