Hemen ez du inork ordaintzen lana estreinatuko du Doke antzerki taldeak ekainaren 2an Arrasateko Amaia antzokiaren oholtza gainean (19.30ean). Dario Fo dramaturgo italiarrak 1974an ida-tzitako obra Josemari Velez de Mendizabal idazleak euskaratu eta egokitu du. “Bi etxekoandre xumek hileko amaierara iristeko dituzten arazoak aurkezten ditu antzezlan honek. Horietako bat supermerkatu batera sartu eta ahal duen guztia eramaten du ordaindu gabe. Gero bi andreek, lapurretaz inor kontura ez dadin, plan bat asmatzen dute, gero eta nahasiagoa, senarrak ere konplize bihurtzeraino”, konta-tzen du Dokeren kideek eszenatokietara eramango duten bederatzigarren lan honek.

Aurkezpenean Vene Herrero zuzendariak azaldu zuenez, salaketa soziala eta komedia nahasten dituen obra da. “Dario Fok bertan hitz egin zuen nola zegoen egoera inflazioarekin; gauzak ordaintzeko dirurik ez zuten. Gaur egun, egoera nahiko antzekoa da”, aipatu zuen Herrerok. Emanaldiak ere “iraganeko ze gauza ez ditugun errepikatu behar ikusteko” balioko duela adierazi zuen zuzendariak.

Aktore lanetan honako hauek izango dira: Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabier Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso eta Marga Merkader.

Sarrerei dagokienez, Amaia an-tzokiko leihatilan eta Udalaren webgunean (www.arrasate.eus) erosteko aukera egongo da.

Espazio “falta”

Doke taldeak 23 urteko ibilbidea bete du. Duela lau urte, gainera, antzerki eskola jarri zuen martxan eta, gaur egun, bost talde eta 40 ikasle inguru ditu. Horrek jarduerak garatzeko espazio gehiago behar izatea ekarri du. “Kulturolan dugun lokala oso txikia da talde guztien entseguetarako. Espazio falta horrek talde kopurua handitzea eragozten digu, eta badakigu interes handia dagoela antzerkia egiteko”, azpimarratu zuten aurkezpenean.

“Uste dugu Udalaren babesa dugula, baina ez dute ezagutzen benetako egoera; hau da, guk dauzkagun beharrak. Espazio gehiago behar dugu entseatzeko”, ohartarazi zuen Herrerok.

Bestalde, antzerki eskolako ikasleek hainbat emanaldi prestatu dituzte. Horrela, larunbat honetan Kulturolan duten lokalean zortzi eta hamaika urte bitarteko haurrek Barrerik egiten ez zekien printzesa aurkeztuko dute, 11.00etan.

Ekainaren 8an, aldiz, hamaika eta hamahiru urtekoek Goxokilandia lana taularatuko dute Amaia an-tzokian, 17.30etik aurrera, eta 18.30ean hasita, 16 eta 18 urte bitartekoek Zenbat negar eta zenbat min obra eskainiko dute. Azken ikasle talde honek Donostiako Gazteen An-tzerki Topaketan parte hartuko du ekainaren 15ean.