Gaur zabalduko da Oiartzungo Landetxen jubilatuen egoitza berria, lokala atontzeko azken lanak amaituta. Egunero egongo da zabalik hamabi orduz, 9.00etatik 21.00etara. Bertara joateko ez da jubilatuen elkarteko bazkide izan beharko; erretiratu guztientzat egongo da irekita.

173 metro koadroko eremua dute herriko erretiratuek Landetxeko lehen solairuan. Egongela handi bat, tailer gela bat, ile-apaindegia eta podologoa ditu. Jubilatu denek erabil ditzakete zerbitzu hauek, nahiz eta bazkide ez izan. Taberna ere badu ondoan eta prezio bereziak dituzte bertan erretiratuek (%20 merkeago).

Herriko jubilatuekin lanean aritzen diren eragileek elkarrekin kudeatuko dute egoitza berria eta edonork izango du proposamenak egin eta ekin- tzak antolatzeko aukera. Gazte Izanak jubilatuen elkartea izango da Landetxeko egoitzaren kudeaketaz arduratuko den eragileetako bat. Bertan izango du aurrerantzean bulegoa.

Martxoan onartu zituen elkarteak estatutu berriak eta zuzendaritza ba- tzordea osatzeko prozesua abiatu du. Auzo bakoitzak bere ordezkariak aukeratzeko bilerak ekainean izango dira.