Síguenos en redes sociales:

Oiartzunek gaur zabalduko du Landetxeko jubilatuen egoitza

Egunero egongo da irekita 9.00etatik 21.00etara eta podologoa, ile-apaindegia, tailer gela eta taberna ditu

Oiartzunek gaur zabalduko du Landetxeko jubilatuen egoitza

Gaur zabalduko da Oiartzungo Landetxen jubilatuen egoitza berria, lokala atontzeko azken lanak amaituta. Egunero egongo da zabalik hamabi orduz, 9.00etatik 21.00etara. Bertara joateko ez da jubilatuen elkarteko bazkide izan beharko; erretiratu guztientzat egongo da irekita.

173 metro koadroko eremua dute herriko erretiratuek Landetxeko lehen solairuan. Egongela handi bat, tailer gela bat, ile-apaindegia eta podologoa ditu. Jubilatu denek erabil ditzakete zerbitzu hauek, nahiz eta bazkide ez izan. Taberna ere badu ondoan eta prezio bereziak dituzte bertan erretiratuek (%20 merkeago).

Herriko jubilatuekin lanean aritzen diren eragileek elkarrekin kudeatuko dute egoitza berria eta edonork izango du proposamenak egin eta ekin- tzak antolatzeko aukera. Gazte Izanak jubilatuen elkartea izango da Landetxeko egoitzaren kudeaketaz arduratuko den eragileetako bat. Bertan izango du aurrerantzean bulegoa.

Martxoan onartu zituen elkarteak estatutu berriak eta zuzendaritza ba- tzordea osatzeko prozesua abiatu du. Auzo bakoitzak bere ordezkariak aukeratzeko bilerak ekainean izango dira.