Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen aurrean, EAJ/PNVk Oiartzungo zerrenda aurkeztu du jendaurrean. Janire Mitxelena alkategaiaren hitzetan, “lan talde bikaina, pertsonalki eta profesionalki, eta Oiartzunekin konprometitutakoa” osatzea lortu dute.

Jeltzaleek bi helburu nagusi dituzte datorren legegintzaldirako: “Alde batetik, oiartzuarren bizi-kalitatea hobetzeko eta herriari jauzi kualitatiboa emateko proiektu berriak gauzatzea. Eta, bestetik, ziklo berri bat irekitzea Udal Gobernuaren egiteko moduetan, jarrera eraikitzailearekin, hurbiltasunarekin eta entzutearekin, eta herritar guztiak ordezkatzeko gai izango dena, haien adina, jatorria edo sentsibilitate politikoa edozein dela ere”, azaldu zuen Mitxelenak aurkezpenean. “Belaunaldi berri bat ordezkatzen dugu, erronka horiei heltzeko irrikaz dagoena”, gaineratu zuen.

Mitxelenak zerrenda jeltzalearen bertuteak goraipatu zituen: “Lantalde bikaina osatzeko gai izan gara, pertsona zintzo eta profesionalekin, eskarmentu handia dutenak, bai arlo pribatuan, bai kudeaketa publikoan. Eta, are garrantzitsuagoa dena, Oiartzungoak izateaz harro daudenak, herriarekin konprometituta daudenak, herritarren beharrak eta erronkak ezagutzen dituztenak, eta onena emateko ilusioz daudenak”. Beraiei esker Oiartzunek aurrera egingo duela baieztatu zuen.

Alkategaiak nabarmendu zuenez, taldeak “aniztasun handia” du, “adin eta esparru profesional desberdinetako gizon eta emakume oiartzuarrek osatzen baitute”. “Horiek, aldi berean, herrian dugun aniztasun hori ordezkatzen dute, baina guztiek amankomunean dute Oiartzuni etorkizunerako bultzada emateko eta aro berri bati ekiteko bokazioa”, adierazi zuen.

Mitxelenak, Eider Mendozaren, diputatu nagusi izateko hautagaiaren, babesa jaso zuen aurkezpenean eta zerrendakideen izenak irakurri zituen: Janire Mitxelena Lekuona, Rafael Bergaretxe Urdanpilleta (independentea), Maitane Larruskain Agirre, Iñaki Arbelaiz Mitxelena, Andres Esnal Escudero, Yon Goikoetxea Labaka, Lorea Etxabe Cortes (independentea), Lucas Ramon Etxebeste Otegi, Maria Aranzazu Aristizabal Portu, Miguel Jose Maria Idiazabal Gorrotxategi, Iñaki Gezala Oyarbide, Mari Carmen Larriba Zamora, Jacinto Larburu Lekuona (independentea), Mari Jose Lekuona Etxebeste (independentea), Jose Antonio Sistiaga Legorburu, Iñaki Garrido Yerobi eta Mari Carmen Intxausti Lekuona.

Mitxelenak azken lau urteetan zinegotzia eta EAJ/PNVren bozeramailea izan denez, udal errealitatea ondo ezagutzen du. Bere burua “oso babestuta” ikusten duela esan zuen, eta eskerrak eman zizkien zerrenda osatzen duten pertsona guztiei.

Zerrendaburuak berretsi zuenez, Oiartzunek “lankidetza handiagoa” eta “jarrera irekia” behar ditu Udalean etorkizuneko erronka konplexuei aurre egiteko, “ez bakarrik herritarrekin, baita beste eragile eta erakunde batzuekin ere”.

Eta gaineratu zuenez, EAJ/PNVk baldintza guztiak betetzen ditu hori lortzeko: “Lantalde sendoa, kudeaketarako gaitasuna duena, baina baita gobernu programa asmo handiko baina errealista bat ere”. “Udal zerbitzuak indartu eta ekipamenduak eta ingurunea hobetu nahi ditugu, auzoei merezi duten arreta emanez eta pertsonak erdigunean jarriz”, azpimarratu zuen.

Hori horrela, honako lehentasun hauek aipatu zituen, besteak beste: garbitasuna, energia berriztagarriak, adinekoen arreta, etxebizitza politikak, natura eta landa-eremua zain-tzea edo hondakinen bilketa sistema hobetzea.

“Oiartzun oparo, integratzaile, moderno eta jasangarri baten alde egiten dugu, gaur egun faltan suma-tzen ditugun ezaugarri horiek izango dituena”, amaitu zuen.