Oiartzungo lau errota ezagutzeko bihar ibilaldi bat antolatu dute
Errenteriako Fanderiako interpretazio zentroak bisita gidatuak prestatu ditu Gipuzkoako Errota Eguna ospatzeko
Bihar Gipuzkoako Errota Eguna ospatuko da eta 40 jardueraz osatutako egitaraua izango da Gipuzkoa osoan zehar, Oiartzun eta Errenteria barru.
Oiartzungo kasuan bihar ibilaldi gidatua antolatu dute Ihurrita Errota sustatzeko elkarteak, herriko errotariek eta Udalak. 9.00etan hasiko da ibilaldi gidatua, Fanderiako errotan. 14.00etan bukatuko da, toki berean, eta bidean gaur egun martxan dauden lau errotetan gelditu, bakoitza bisitatu eta azalpenak entzuteko aukera izango da.
Iturriozko Txalakako errota 10.00etan ikusteko aukera egongo da, Karrikako Arraskuko errotara 11.00etan iritsiko dira, Altzibarko Ugarteko errotako hitzordua 12.00etan izango da eta Ugaldetxoko Ihurritako errota 13.00etan bisitatuko dute. Hortaz, ibilbide osoa egin gabe nahi den errotako bisitara joateko aukera ere egongo da, bakoitzerako zehaztutako orduan.
Parte-hartzea doakoa da, baina beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea Oarsoaldeko Turismo Bulegoan, 943 494 521 telefonora deituta edo turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita.
Bestalde, bihar ere Errenteriako Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak doako bisita gidatuak antolatu ditu. Ondorengo orduetan egingo dira: 10.30ean (euskaraz), 11.30ean (gazteleraz) eta 12.30ean (euskaraz).
Izena turismoa@oarsoaldea.eus edo galemysfanderia@gmail.com helbideetara idatzita edo 943 494 521 edo 690 720 264 telefonoetara deituta eman beharko da.