Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak ipuina aurkeztuko da bihar Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan 18.30ean. Gerra ostean Gipuzkoako errotak itxiarazi eta oiartzuarrek arto-irina lortzeko, astoekin gauez Nafarroako errotetara egiten zituzten bidaiak ditu hizpide ipuinak.

Herritar batzuen ekimenez sortu zen ipuina idazteko ideia. Jone Ugaldebere Sarasuak etxean entzundako historia ikertu, ezagutu eta ipuin bilakatzea otu zitzaion, batez ere, duela hamarkada batzuk herrian gertatutakoa gaztetxoei helarazteko. Ekimen honen sortzaileak hasieratik bide-lagun izan zituen Joxe Kruz Ezeiza Kaxka eta Iñaki Pikabea Lasa.

Iban Apaolaza Sanchok idatzia eta Jokin Mitxelena Erizek ilustratua, liburuak herritarren testingantzak ditu oinarri, historia hau adin bat dutenen artean ezaguna delako eta estraperloan oiartzuar eta Oarsoaldeko biztanle asko ibili zirelako.

Ipuinean azaltzen denez, Espainiako gerra amaitzean (1936-1939), Francok Gipuzkoa “probintzia traidore” izendatu zuen, eta zigor gisa Gipuzkoako errotak itxiarazi zituen.

Oiartzuarrek inguruko Nafarroako herrietako errotak erabili zituzten ia bost urtez arto-irina lortzeko, eta joan-etorriak gauez egin behar izaten zituzten, ezkutuan. Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Antongo errotetara egindako ibilbideetan gertatutako zenbait pasadizo azaltzen dira ipuinean.

Honez gain, liburuak badu bigarren atal bat. Ipuinaren amaieran, Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Antongo errotetara egiten zituzten ibilbideen Wikiloc-eko erreferen-tziak eta mapak topa daitezke. Kaxka eta Iñaki Pikabea ibilbideak oinez egin eta Wikiloc-en grabatzeaz arduratu dira.

Oiartzungo 1545 argitaletxeak argitaratu du ipuin ilustratu hau. Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak hamabost euroan eros daiteke Dixidun, Oiartzun irratian, Urrats paper-dendan eta www.1545.eus webgunean. Aurkezpenaren egunean ere prezio berezian salgai jarriko da.

Oiartzungo ekitaldiaren ondoren, Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Anton herrietan aurkezteko asmoa dago.