Orioko EAJk zaintza ekosistema bat garatzeko konpromisoa azaldu du. Saretxo aretoan elkartu ziren Orioko hautagaiak herriko gizarte eragileekin: eguneko zentroa, Zaharren Babes Lekua, Ostargi, Esperientzia Eskola eta Ahalduntze eskolarekin, hain zuzen ere. Azkenik, Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako foru diputatua, gonbidatu zuten zaintza ekosistemen inguruan aritzeko. Izan ere, EAJ taldearen helburua datorren legealdian herrian zaintza ekosistema bat garatzea da. “Zaintzak behar dituzten pertsonak erdigunean jarri eta erakunde, eragile eta herritarren inplikazioa bilatuz, oriotar guztien bizi kalitatea hobetuko duen ekosistema bat sortzeko”, adierazi dute alderditik.

Peñak Gipuzkoako Foru aldundiak gidatzen duen Zaintza HerriLab estrategiaren berri eman zuen. Maila lokalean, proiektu komunitario, partekatu eta berritzaileak geratzen ari direla azaldu zuen. Helburua, mendekotasun eta hauskortasun egoeran dauden herritar guztien bizi kalitatea hobetzea da, bakoitzan behar dituen zainketen bidez harreman, sinergia eta ekosistema berriak garatuz.

Orioko jeltzaleek azaldu zuten datozen maiatzaren 28ko hauteskundeetarako prestatutako programan “giltzarria” izango den puntua dela. “Orio eta oriotarren izaera, aniztasuna eta ongizatea oinarri hartuta egingo dugu lan, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egongo den herri bat eraiki-tzeko”, aipatu zuten.

Zaintza ekosistemaren bidez, gainera, kolektibo ezberdinek dituzten beharrei erantzuteko prest egongo den herria eraikitzea da asmoa. Etorkizuneko erronken erantzunak “ez dira soilik ohiko bide eta tresnen bidez etorriko eta Gipuzkoari ere gure ekarpena egin nahi diogu, herri mailan lantzen duguna izan dadin baliagarri Arrasaten, eta Pasaian egiten ari denetik ere ikas dezagun”, azaldu zuten.