Eraikin berri bat egingo du Zumarragako Udalak Argixaon, egungo eraikinaren eta harmailaren artean. Bertan komun berriak egingo dira. Horretaz gain, egungo eraikina zaharberrituko dute. Komun zaharrak kenduko dituzte eta bost gune egingo dira: atezainaren bulegoa, Urolaren bulegoa, ikastaroetarako gela, fisioterapia gela eta errekuperazio gela. Eraikin eraberrituari Iñaki Mendiluze izena ematea erabaki dute. Obra futbol denboraldia amaitzen denean hasiko da eta bost hilabeteko iraupena izango du.

Eraikinari Iñaki Mendiluze izena jartzea Urolak proposatu du. Ostegunean onartu zen, osoko bilkuran. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Osteguneko osoko bilkuran Jotxin Iturbe Urolako lehendakariak parte hartu zuen eta udalari eskerrak eman zizkion. “Gure bulegoko lan baldintzak txarrak ziren eta, gainera, ez genuen entrenamenduetako metodologia aurrera eramateko tresnarik. Udalari proiektuan sinestea eskertu nahi diogu. Egitasmoak gure espektatibak gainditu ditu. Urolaren historian pertsona eredugarri asko izan dira, baina bat aipatzekotan Iñaki Mendiluze aipatu behar da. Bera omentzeko eta gogoratzeko balio izatea espero dugu. Gazteek nor zen jakin dezaten”.

Osoko bilkuran obraren esleipena ere onartu zen, aho batez. Obra Antio enpresak egingo du eta aurrekontua 389.700 eurokoa izango da. Aldundiak 150.000 euroko laguntza emango du. Lanak gizonezkoen lehen taldeak denboraldia amaitzen duenean hasiko da, maiatza bukaeran edo ekaina hasieran. Lanek 5 hilabeteko iraupena izango dute.