Jon Plazaolak bakarrizketari gisa hasi zuen bere ibilbidea. “Lan hau garai batean egiten nituena bezalakoa da. Sustraietara itzuli naiz. Tu-tum, platz! da bere izenburua: umorista batek errematea egiten duenean bateriarekin egiten den soinua irudikatzen du. Lan berriarekin duela 23 urteko izpiritua berreskuratu nahi dut. Gaztetasuna ez dut berreskuratuko, baina izpirituari eutsi egin diezaioket eta asmo horrekin nator”.

Denboraren igarotzea da, hain zuzen ere, lan berriaren ardatza. “Denborarekin igarotzeak nola uki-tzen gaituen, 40 urte bete ditugunon krisia, 23 urte hauetan egondako aldaketak... Gauzak asko aldatu dira. Teknologiak gu kontrolatzen gaitu, guk teknologia baino gehiago. Bakarrizketa berriak nostalgiatik dezente du. 40 urte bete ditugunok haurtzaroa eta gaztaroa oso modu berezian bizi izan genituen eta hori transmiti-tzera nator. Baikortasunaren aldarrikapena egingo dut, azkenaldian edozein aitzakia nahikoa baitugu munduaren amaiera datorrela pentsa-tzeko. Aldaketa klimatikoak, pandemiak... ezkorragoak izatera eraman gaituzte. Barre egitea terapeutikoa eta beharrezkoa dela aldarrikatuko dut”.

Bakarrizketa berria prestatzeaz gain, bi antzezlanetan lan egiten ari da. “Un Oscar para Oscar lanarekin Estatu osoan ari gara. Abuztuan, 23tik 27ra, Donostiako Victoria Eugenia antzokian arituko gara. Irabazi nire bakarkako antzezlanarekin ere banabil. Hurrengo emanaldia Bilboko Euskalduna jauregian izango dut, maiatzaren 27an”.

Telesail berria

Horretaz gain, telesail bat grabatu du ETBrentzat. “Drama eta thriller-a da. Donibane izeneko kostaldeko herri batean Mikel bizi da, nire pertsonaia. Mundu osoan surflari profesional bezala ibili ondoren, erretiratu, herrira itzuli da eta surf eskola bat ireki du. Bere emaztea zena hilzorian dago eta beraien alabaren kargu egiteko eskatzen dio. Emazte ohia eta alaba Mexikon bizi dira eta 17 urteko alaba Donibanera doa, oraindik ezagutzen ez duen aitarekin bizi-tzera. Alabaren eta aitaren arteko harreman tirabiratsua telesailaren ardatzetako bat da. Bestalde, Mikelek iragan ilun bat du eta bere lagun mina (Pello) herrira itzultzen denean, iragan ilun hori azaleratu egingo da”.