Gaztetasuna, parekidetasuna eta ilusioa dira EH Bilduk datorren udal hauteskundeetarako Zestoan aurkeztuko duen hautagaitzaren ezaugarri nagusiak, alderdi horretako kideek hauteskunde-zerrendaren aurkezpenean adierazi zutenez. Hauek dira hautagaitza osatzen dutenak: Mikel Arregi, Lorea Ilundain, Zigor Plazaola, Beatriz Zubia, Aitor Ossa, Iñaki Odriozola, Jone Exposito, Nerea Goikoetxea, Beñat Arakistain, Maialen Etxeberria, Marijo Azkue, Aitor Salegi, Garbiñe Aramendi, Amane Arrue eta Ruben Alberdi.

Erronkak

Mikel Arregi Ertxinek, gaur egungo alkatea eta berriz ere EHBilduren zerrenda burua izango dena, hartu zuen hitza amaitzear den legealdiaren balorazioa egiteko. “Norabide eta iparrik gabeko udala hartu genuen, egunerokotasunak itoa, eta legealdi erraza izan ez bada ere, gaur da eguna Zestoak ibilbide orri eta plangintza bat daukana, zaintza kontuetan, komunikazioan, burujabetza energetikoan edo kulturartekotasun proiektuetan”. Aranzadirekin elkarlanean Zestoa 1936-1945 oroimena ikerketa garrantzia adierazi zuen eta datorren legealdiari begira izango dituzten erronkak baita ere, etxebizitza publikoak eraikitzeko egitasmoa besteak beste.