Informatika zikloak eta Zibersegurtasuneko eta Fabrikazio Adimentsuko espezializazio ikastaroak eskainiko ditu UGLEk. Eskaintza berri honen helburua eskualdeko enpresen premiei erantzutea da.

Digitalizazioaren harira, informatikaren esparrua indartzeko beharra ikusi da. Hori dela eta, erdi mailako eta goi mailako informatika zikloak emango dira: erdi mailako mikroinformatika sistema eta sareetako zikloa eta goi mailako sare informatika sistemen administrazioko zikloa.

Espezializazio ikastaroak ere emango dira. Urtebeteko iraupena izango dute. Goi mailako zikloen ondoren eskaintzen diren ikastaroak dira eta Lanbide Heziketako graduondoko edo masterraren eginkizuna dute: gaitasun maila gorena eskaintzea. Ikastaro hauetan unibertsitate ikasketak egin dituztenek ere izena eman dezakete. Ingeniariek, adibidez.

Bi espezializazio ikastaro emango dira: zibersegurtasunekoa eta fabrikazio adimentsukoa. Zibersegurtasuna funtsezkoa da lehiakortasuna bermatzeko eta profesional beharra kezkagarria da. Fabrikazio adimen-tsu ikastaroari dagokionez, eskoizpen prozesuetan teknologia berri-tzaileenak nola txertatzen diren irakatsiko da.

Industria eraldaketa jasaten ari da. Produktuen kalitatea eta produktibitatea hobetzeko nahi beste datu eskura daitezke. Gainera, lanpostuen kalitatea eta segurtasuna hobe-tzen ari dira, lan gogorrenak robotek egin baititzakete. Gizakiek kontrol eta ikuskapen lanak egingo dituzte. UGLEk ikasleak eredu berri horretarako prestatuko ditu.

Horren guztiaren alde txarra, zibererasoak dira. Zenbat eta konektibitate handiagoa, arrisku handiagoa. Hori dela eta, UGLEk zibersegurtasun ikastaroa ematea erabaki du.

Xabier Arratibel Urola Garaiko fundazioko zuzendariak, Gorka Iturzaeta ikastetxeko zuzendariak eta Iker Uzin ikerkuntza, garapen eta berrikuntza departamentuko kideak prentsaurrekoa egin zuten ostiralean berrikuntzak azaltzeko. UGLEk 26 urteko ibilbidea duela eta 26 urte horietan eskualdearen beharrei erantzuteko ahalmena erakutsi duela gogoratu zuten.