Datorren 2023-2024 ikasturtean, ekarpen ekonomiko handiagoa egingo dio udal haur eskolari Usurbilgo Udalak, gurasoen kuotaren bi heren inguru bere gain hartuta. Behin-behineko neurria da, urtebeterako.

Udaletik gogora ekarri dutenez, Eusko Jaurlaritzak duela bi hilabete inguru komunikabideetan iragarri zuen Partzuergoaren bidez kudeatzen dituen haur eskoletan doakotasun unibertsala ezartzeko asmoa, baina hortik kanpo utzi zituen udal haur eskolak, orain arteko finantzazioa bere horretan mantenduz.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Beñat Larrañaga zinego-tziak burututako bilera ireki batean azpimarratu zutenez, udal haur eskolak Udalek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak izanik, Partzuergokoen pare finantzatu beharko lituzke Jaurlaritzak: “Doakotasunaren bidea txalotzen dugu, baina Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu handitu dezala udal haur eskolen finantzazioa. Udal haur eskoletara bideratuko duen dirua mantendu egin du, udal haur eskolak ditugun udalerriak diskriminatuz”.

Azaldu zutenez, EAEko hamahiru udalerritan daude udal haur eskolak, eta Jaurlaritzarentzako kostu ekonomiko hori bere gain hartzea ez litzateke zama bat.

Udal haur eskolaren egungo finan-tzazioa honela banatzen da: Eusko Jaurlaritzak %49, gurasoek %33 eta %18 Udalak. Aldaketarekin, gurasoen kuotaren bi herenak bere gain hartuta, Udalarena %40-%41era igoko litzateke, eta gurasoena %11-%12ra jaitsi. Dirutan, gaur egungo kopuruaren arabera, 100.000 euro gehiago jarriko lituzke Udalak. Erreferen-tzia gisa, aurten 70.000 euro bideratu ditu (guztira, beraz 170.000 euro). Haur kopuruak gora egingo balu, ekarpena handitu egingo litzateke.

Momentuz hartutako erabakia urtebeterako da, datorren ikasturtean Hezkuntza sailak emango dituen pausoen ikuskizun.“Udalarentzat hau ez da sostengarria denboran. Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolen finantzazioa ez badu bere gain hartzen, ez dugu ezer bazter-tzen, ezta Partzuergorako bidea jorratzeko aukera ere”.

Hobariak

Doakotasunaren bidetik, familiek hobarien sistema eskura dutela gogorarazi zuten bileran. Bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera, %50, %75 eta %90 arteko hobariak jaso ditzakete, eta, beraz, zerbitzu publikoengatik %50, %25 edo %10 soilik ordaindu beharko lukete.