Otsailaren 2an 100 urte bete ziren Manuel Martínez Murgia hil zela, Kontxa Murgia oiartzuarraren seme zaharrena. Galiziako abertzaletasunaren aitzindaria izan zen, Academia Galegaren sortzaile eta lehenengo presidentea (gure Euskaltzaindiaren parekoa) eta Rosalía de Castro poeta ezagunaren senarra.

Mendeurrena dela eta, urte osoan zehar Murgia omentzeko eta bere ibilbidea gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu dute Galizian. Manuel Martínezek Oiartzun herriarekin duen lotura zuzena dela eta, omenaldi horretan izan ziren Iosune Cousillas eta Olga Leibar udal zinegotziak.

Rosalía de Castro Fundazioak antolatutako poesia emanaldi galiziar-euskaldunean parte hartu zuten gainera Antton Kazabonek eta Aran-tza Letek, Anxo Angueira eta Xosé Estévezekin batera. Haizea Lekuona eta Edurne Saizar oiartzuarrek musikatu zuten errezitaldia.

Cousillasek oiartzuar guztien izenean eskerrak eman zizkien antola-tzaileei omenaldian parte hartzeko gonbidapena egiteagatik. Galizia eta Euskal Herriaren lotura “handia” dela esan zuen zinegotziak, “gure kultura, hizkuntza, jatorria eta historia babestu eta hauspotzeko borrokak batzen baikaitu”.

Kontxa Murgiaren jaiotetxea izan zenaren irudia agertzen den plaka oparitu zien omenaldiaren antola-tzaileei. Murgiaren etxea gaur egun Manuel Lekuona liburutegia da eta plaka bere semearen bizilekua izan zen etxean jarriko dute, orain museoa dena.