II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketa abiatu du Azkoitiko Udalak Euskara sailaren eskutik. Astelehenean zabaldu zen lanak aurkezteko epea eta maiatzaren 17an itxiko da. Sariak hiru kategoriatan banatuko dira: gazteen kategoria edo 18 urte artekoa (1. saria, 250 euro; 2. saria, 125 euro), helduen kategoria edo 18 urtetik gorakoa (1. saria, 500 euro; 2. saria, 250 euro) eta Azkoitia Saria (gazteen kategoria, 150 euro; helduen kategoria, 300 euro). Bertso sorta onena idatzi duen herritarrak jasoko du Azkoitia Saria, gazteen zein helduen arloan.

Parte hartu nahi duten gazteek gutxienez sei bertso idatzi beharko dituzte, eta helduek, zortzi. Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia maiatzaren 29an ezagutaraziko da. Lehiaketaren oinarriak www.azkoitia.eus atarian kontsulta daitezke eta edozein zalantza argitzeko euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi daiteke edo 943 857 175 telefonora deitu.

II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekainaren 22an, 19.00etan, Elkargunean, egingo den III. Hike eizan! Bertso Saioarekin batera. Aurten oholtzan izango dira bertsotan Andoni Egaña eta iazko bertsopaper lehiaketan sarituak izan ziren Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo.

Udalak, Hike eizan! talde eragilearekin batera, iaz antolatu zuen estraineko Bertsopaper Lehiaketa, eta 24 lan aurkeztu ziren. Ekimena hitanoa sustatzeko plangintzaren baitan kokatzen da. Helburu nagusia da hitanoa berreskuratzea, eta bereziki, noka. l