Zero Zabor Udalerrien ziurtagirian Usurbilek bostetik lau izar lortu ditu. Orain arte ziurtagiria eskuratu duten udalerrien artean lortu den emaitzarik onena da, Italiako Capannori udalerriarekin batera; hau da, Zero Zabor mugimendua Europan sortu zen udalerriaren pare. Proiektu honek zero hondakineranzko trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu.

Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da, eta hirugarrenek ebaluatzen dute. Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan.

Rezero eta Amigos de la Tierra izan dira Usurbilgo auditoretza egin duten erakundeak. Bete beharreko eta baloragarri ziren irizpideen baitan, Usurbilgo hondakinen kudeaketa aztertu da, eta datozen hiru urtetarako ziurtagiria jaso da.

Rezeroren zuzendari Rosa Garciak Usurbilgo “lan bikaina” nabarmendu du: “Hondakinen prebentzioan sektore guztiak modu transbertsalean inplikatzea lortu duen udalerri baten adibide bikaina da Usurbilek egindako ibilbidea. Udalerri honetan, bertako biztanleek, urteko, 25 kilo errefus sortzen dute, eta Espainiako batez bestekoa 500 kilokoa da urteko”. Eta gaineratu du: “Nola lor-tzen da hori? Bada auzo- eta auto-konpostajea orokortuz, sortzez besteko ordainketa ezarriz komertzio eta industria poligonoetan, erabilera bakarreko ontzien erabilera murriztuz, eta abar”. “Oso pozik gaude zero zabor neurriek udalerrietako hondakinen kudeaketan halako aldaketa eragin dutela egiaztatu ahal izan dugulako”, amaitu du.

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatearen esanetan, Europako ziurtagiri honek egunerokoan Usurbilen egiten den lana aitortzen du, eta errealitate eta ezaugarri desberdinak dituzten beste udalerri batzuekin alderatzeko balio dezake, Bartzelonarekin, Alemaniako Kielekin edo Italiako Capannorirekin: “Bilketa sistemaz harago, ziurtagiri honek balioa ematen dio Usurbilen egiten dugun hondakinen kudeaketaren emaitzei, eta harro-tzekoa da Europa mailako ziurtagiri bat jasotzea orain arteko puntuazio altuenarekin”.