Síguenos en redes sociales:

Legazpi: Hainbat ekitaldi izango dira Liburuaren Nazioarteko Egunean

Legazpi: Hainbat ekitaldi izango dira Liburuaren Nazioarteko Egunean

Urteroko moduan, Legazpiko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu Liburuaren Nazioarteko Egunean harira. Zehazki, apirilaren 2an Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen eta hilaren 23an Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Patxi Zubizarreta, Uxue Apaolaza eta Jon Arretxe idazle ezagunekin solasaldiak antolatu dira, besteak beste.

Datorren astelehenean, hilak 17, Legazpiko Batxilergoko ikasleak Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrarekin elkartuko dira. Zubizarretaren Zerria lanari burutz hitz egongo dute, kultur etxeko areto nagusian. Zubizarretak lau aldiz irabazi du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria.

Datorren asteazkenean, hilaren 19an, ipuin kontaketa saioa egingo dute herriko liburutegian. Oihana Etxegibel izango da ipuin kontalaria. Ekitaldi hau 5 urtetik aurrerako haurrei zuzendua dago. 18.00etan hasiko da.

Hilaren 21ean, ostirala, legazpiarrek Uxue Apaolaza idazle hernaniarrarekin hitz egiteko aukera edukiko dute. Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuari buruz hitz egingo dute, 18.30ean, kultur etxeko areto nagusian. Apaolazak 2022ko Euskadi literatura saria irabazi du liburu horrekin. Ekitaldi hau euskarazko literatura klubaren baitan antolatu da, baina nahi duten herritar guztiek parte har dezakete.

DBH2ko ikasleak

Hilaren 24an Legazpiko DBH2ko ikasleak izango dira idazle batekin solasaldia egingo dutenak: Jon Arretxe bizkaitarrarekin elkartuko dira, kultur etxeko areto nagusian. Parte hartzaileek Arretxeren Trumoiaren alaba liburuari buruz hitz egingo dute.

Bukatzeko, gaztelerazko literatura klubeko kideek Manuel Vilas idazle aragoiarraren Ordesa lanari buruz hitz egingo dute. Solasaldia Monica Leiva kazetariak gidatuko du. Hilaren 26an elkartuko dira, 18.00etan, Legazpiko liburutegian.

Ekitaldi hauen guztien helburua, Liburuaren Eguna ospatzeaz gain, helduak, gazteak eta haurrak liburutegira eta irakurketara erakartzea da.