Lezo arnasgune bidea. Eskuliburua osatu du Euskararen Herri Batzordeak. Lezoko eragileei euskararen aldeko hizkuntza irizpideekin laguntzeko liburuxka da eta aste honetan aurkeztu da.

Izan ere, liburuxkaren sarreran esaten da Lezon euskara dakiten herritarren kopurua oso altua dela, %70,30etik pasata dagoela (indize hori altuagoa da gazteen artean), eta biharko egunean Lezo arnasgunea izatea nahi bada, horretarako lanak gaur egiten hasi behar direla.

Horretarako sortu da hizkuntza irizpideen eskuliburu hau, eragile edo erakunde bakoitza gaurtik bertatik, euskara erabilera areagotu nahi badu, bakoitzak berean nola eragin azaltzeko.

Hortaz, eskuliburuan hizkuntza kudeatzeko irizpide errazak eskain-tzen dira, edozein gizarte erakundek dituen hizkuntza eremu ezberdinetan zer egin behar duen jakin dezan. Irizpide orokor bezala aipatzen da “jaso gabe dagoen edozein gertaeren aurrean euskaraz egiteko hautua hartzea”. Gainera, besterik adierazi ezean, funtzionamendua euskara hutsezkoa izango da.

Halaber, ele bitan idazten denean, euskara lehenetsitako kategoriatzat ulertzen da. Euskara nabariago uzteko estrategiak ezberdinak izan daitezke: letra tipo handiago bat erabiltzea, azpimarratzea, letra lodia...

Irizpideak bost multzotan jasotzen dira: Hizkuntza paisaia; Idatzizko komunikazioa; Ahozko komunikazioa; Iragarpenak, publizitatea, argitalpenak eta kanpainak; eta Hizkun-tza gaitasuna.

Bestalde, hizkuntza eremuez gain, kasu bakoitzean bi adin-multzo bereizten dira. Alde batetik, helduak eta, bestetik, 18 urte bitartekoak. Bigarren kasu honetan hizkuntza jokaera euskara hutsezkoa izateko joera izango du.

Euskararen Herri Batzordearen eskaera da, eragile eta erakundeek eskuliburuan jasotzen diren proposamenak beraien eguneroko jardueran aplikatzea, modu horretan euskararen erabilera areagotuko delako.

“Arnasgune horretan euskaraz naturaltasunez aritzeko ordea, herritarrak, eragile ezberdinak eta guztien ordezkari politikoa den Udalak prest egon beharko dute euskararen erabilera eguneroko bizitzan modu eraginkorrean egiteko; ez baita ezagutza soilik behar gizarte bizitza automatikoki euskaraz izan dadin”, jaso dute eskuliburuaren sarreran. Eta gaineratu dute: “Horretarako, urteetako hizkuntza hegemonikoen inertziak hautsi nahi badira, hizkuntza hori erabiltzen den harremanak prest egon behar dute euskaraz aritu ahal izateko”.

Dokumentuaren banaketari dagokionez, eskuliburuaren dokumentua Lezoko Udalaren web orrian jarriko da denentzat eskuragarri. Paperezko alea nahi duenarentzat, bi aukera eskainiko dira, Udaleko Euskara-Kultura sailaren bulegotik (Donibane kalea, 2) pasatzea edo helbidea emanez gero posta bidez bidaliko litzaioke. Horretarako mezu bat bidali beharko da euskara@lezo.eus helbide elektronikora edota 943 513 476 telefonora deitu.

Lezoko Udaletik gogora ekarri dutenez, 2019-2023 legealdi hasieran sortu zen Euskararen Herri Ba-tzordea. Udalaz gain, hainbat eragile aritu dira maiztasun ezberdinez hilabetetan zehar biltzen.

Euskararen kale erabileraren datuak beheranzko joerak sustatu zuen aipatutako batzordea eta ondorioz helburu nagusia ere, argi zuen: euskararen erabilera indizea goran-tzako bidean jartzea.

Bide horretan, hainbat lan egin ditu batzordeak, horien artean aste honetan aurkeztutako eskuliburua. Bestalde, euskara biziberritzeko egun dauden plan eta esku-hartzeen mapa bat ere egin du, hizkuntza sustapenaren bidea eraginkorrak ziren egitasmoak berrantolatu eta lehenesteko.