Beasaineko 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eta mugikortasun urria duten herritarrek etxebizitza alokatzeko dirulaguntzak izango dituzte. Hala adostu zuen Beasaingo Udalak azken osoko bilkuran, EAJren aldeko botoekin eta PSE eta EH Bilduren abstentzioekin. Alokairuaren %20tik %50era arteko laguntza ekonomikoa lortu ahalko da eta gehienez 100 euro eta 250 euro eskuratzeko aukera egongo da. Aurkezten diren eskaerei eran-tzuteko adina diru jarriko du Udalak.

Bestalde, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuz, euskara ikasten ari diren herritarrek dirulaguntzak izango dituzte. Langabetuek, matrikularen %100a jasoko dute baldin eta gutxienez %90eko asistentzia betetzen badute, eta gainerako ikasleek, %50 eta %75 arteko matrikula ordainduko dute eta gutxienez %85eko asisten-tzia bete beharko dute. Eskaerak urriaren 31 bitartean aurkeztu daitezke.

Lanak lizitatzea

Udalak, Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkiaren eraberritzea eta irisgarritasun eta segurtasun baldintzak egokitzeko obrak egiteko lizitazioa ateratzea onartu zuen ere. Frontoiaren eraberritzearen ondoren, eguzki-plakak jarriko dira udal eraikinen autokontsumorako helburuak betetzeko asmoz.

Gainera, Gobernu batzordeak 2023ko bide asfaltaketa kanpainaren obren lizitatzea onartu zuen. Lehentasunaren arabera, Gipuzkoa Plaza, Igartza futbol zelaiko aparkalekua, Arantzazu Kalea, Joan Iturralde Kalea eta Joan XXIII Kalea asfaltatuko dira. Garajeetara sartzeko espaloietan baldosen ordez asfalto inprimatua jarriko da.