Euskararen ezagutza gero eta handiagoa dela Gipuzkoan azaltzen dute egin diren azkenengo neurketek. Hala dio Eustat euskal estatistika erakundeak 2022ean argitaratutako txosten batek. Kontuan hartuta orduko errolda, Gipuzkoako bi urtetik gorako gipuzkoarretatik, 531.054ek zekiten euskaraz hitz egiten edo ulertzen zuten, eta 177.678k bere burua erdalduntzat jotzen zuten. Debabarrenaren kasuan, berriz, bi urte baino gehiagoko 54.407 lagun bizi ziren eskualdean azterlana egin zen garaian eta horietatik 33.319k (%61,29a) euskara ondo ulertu eta hitz egiten zuten, 9.030ek (%16,59a) ulermen maila ona edo erregularra zuten, eta 12.058k (%22,12a) erdaldunak ziren. 

Euskaraz ondo hitz egiten duten herritar gehien dituen herria eskualdean Mutriku da (%84,5), eta Eibar, berriz, gutxien dituena (%53,4)

Herriz herri hartzen baditugu datuak, Mutriku da herri euskaldunena, 5.242 bizilagunetik 4.430ek (%84,50a) euskara ondo ulertu eta hitz egiten dute, 337k (%6,42a) ulermen maila ona edo erregularra dute, eta 475 (%9,08a) erdaldunak dira. Deba dugu bigarren tokian sailkapen honetan: 4.049k (%75,37a) euskara ondo ulertu eta hitz egiten dute, 714k (%13,29a) ulermen maila ona edo erregularra, eta 609k (%11,33a) erdalduntzat jotzen dute bere burua. Ondoren Mendaro dator; 1.381 mendarroarek (%69,71a) erraztasuna dute euskara erabiltzeko, 323k (%16,30a) ulermen maila ona edo erregularra eta, azkenik, 277k (%13,98a) ez dakite euskaraz. Elgoibarren kasuan, 6.991 bizilagunek (%61,70a) euskara ondo ulertu eta hitz egiten dutela adierazi zuen Eustaten ikerketak. Bestalde, ulermen maila ona edo erregularra dutenak 1.807 (%16,07a) dira eta, azkenik, euskaraz ezer ez dakitenak 2.495 (%22,19a). 

33.319 lagunek (%61,29) euskara ondo ulertu eta hitz egiten zuten Debabarrenan 2022. urtean, Eustaten arabera

Sailkapen honen azken bi postuak Soraluzentzat eta Eibarrentzat dira. Soraluzeren kasuan 2.199 bizilagunek (%58,30a) euskara ondo ulertu eta hitz egiten dute, 647k (%17,13a) ulermen maila ona edo erregularra, eta 928k (%24,57a) erdaldunak dira. Eibarrek, bestalde, honako datu hauek ditu: 14.319k (%53,4a) euskara maila ona, bai ulertzeko eta hitz egiteko, 5.202k (%19,41a), ulermen maila ona edo erregularra, eta 7.274k (%27,14a) erdaldunak dira.

Ezagutza eta erabilera txanpon baten bi aupergiak bezala ikus ditzakegu eta behin baino gehiagotan euskararen ezagutza eta erabilera ez datoz bat. Hala pentsatzen du Imanol Larrañagak, Elgoibarko Izarra elkarteko teknikariak. “Aspaldikoa da euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko desorekaren gaineko kezka. Badakigu baina gutxitxo erabiltzen dugu. Badakigu, euskararen alde gaude, baina… Euskara ondo dakitenei (%61,7a) euskara ulertzen dutenak batuz gero (%16.07) %78raino heltzen gara. Erabili, baina, 2017an egin zen kale neurketaren arabera, %36k erabiltzen du. Artzek aspaldi esan zuen bezala, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakigunok egiten ez dugulako baizik”.

Azken urteetako ibilbideak ez dizkio ematen arrazoiak baikorra izateko Ainara Lavado Eta Kitto! Eibarko euskara elkarteko euskara teknikariari. “Eibarren 2019an %15ean kokatzen zen erabilera, 2021eko neurketaren arabera %13an. Joera behe-  ranzkoa da. Eta herri mailan egiten diren ekimen, programa, jarduera eta bestelakoek, nekez eragingo dute nahikoa, nazio mailan hizkuntza politika ausartak eta sendoak garatzen ez diren bitartean”. 

Imanol Larrañagak, berriz, norbanakoaren konpromisoa lehentasunen artean ere kokatzen du. “Horrek, baina, ez du esan nahi gure esku ez dagoenik euskararen erabilera areagotzea. Bai norbanako moduan eta baita komunitate moduan ere, asko egin dezakegu euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko. Guk uste duguna baino gehiago, mota askotariko eragozpenak izango baditugu ere. Jakin eta ulertzen dugunon artean euskaraz gehiago egingo bagenu, erabilera datuak bestelakoak lirateke. Eta, gainera, ez dakitenek ikasiko lukete”.