Hernaniko Ibilbide Morea estreinatuko dute datorren igandean, martxoaren 26an, Berdintasun Kontseiluaren ekimenez. Partaideak 11.30ean abiatuko dira Gudarien Plazatik.

“Historiaren joan etorrian ahaztuenak izan gara beti emakumeak eta LGBT pertsonak. Gure kale eta plazen izendegia eredu patriarkal horren lekuko da eta gizonak dira jaun eta jabe”, adierazi dute ekimen honetako bultzatzaileek.

Horiek horrela, egoera irauli nahian, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak urteak daramatza kale izendegia aztertu eta aldaketak proposatzen. Gogorarazi dutenez, lehenik, Andre Kalea berreskuratu zen, ondoren etorri ziren Carmen Adarraga parkea, Azaroak 25 plaza edota Aimar Elosegi Ansa Moio kalea.

“Orain, Hernanin barrena egindako ibilbide more honekin beste urrats bat eman eta gure herriko historiarekin zerikusia izan duten emakumeei eta pertsona trans bati egin nahi diegu omenaldia”, aditzera eman dute. “Pausoz pauso, Hernaniko erreferenteok historiari egindako ekarpena aitortu eta ezagutzera eman nahi du ibilbide honek”.

Ekimenaren antolatzaileek zehaztu dutenez, herrian barrena hamar puntu izendatu dira Ibilbide Morean. Igandean, bisita gidatua egingo dute, hainbat herritarren parte-hartzearekin.

Igandean Hernaniko herrigunean dauden bederatzi puntu bisitatuko dituzte: Andre Kale, Azaroak 25 Plaza, Aimar Elosegi Ansa Moio kalea, Joxepa Zubeldia kioskoa, Leoka garbitokia, Ibarrolaburu-Lorenza Plaza, Industriako emakumeen pasealekua, Carmen Adarraga parkea eta Kulturarteko Plaza Feminista.

Hamargarren puntua Dionixi Lizeaga Agerre Paguako maixtraren omenez Pagoaga auzoan, Hernaniko erdigunetik hamar kilometrotara, jarritako oroigarria da.

Aste honetako bisita gidatuaz gain, Gudarien Plazan mapa fisikoa jarriko da ibilbidearen berri emateko eta QR kode baten bidez, liburuxkak eskuragarri izango dira, euskaraz eta elebitan.

Bestalde, Hernaniko webgunean, Ibilbide Morearen puntu guztien historia jasotzen duen liburua kontsultatu daiteke.