Lezo Institutuko 4. mailako ikasleek joan den astean Lezoko Altamira parkean bertako lau zuhaitz espezie landatu zituzten: sagarmina, makatza, basaerramua eta hostazuria.

Izan ere, Lezoko Udalak Altamirako bigarren igogailua egiteko obra-lanetan, bertan zeuden 21 zuhaitz moztu behar izan zituen eta, horren ordainetan, beste hainbeste ale landatu ditu, guztiak espezie autoktonoak eta landatutako eremurako egokiak.

Aldez aurretik, Lezoko Udaleko lorazainek hainbat azalpen eman zituzten eta, ondoren, landaketan lagundu zuten.

Udaletik gogorazi zutenez, duela bi urte, Udalak Lezo Institutuko patioaren aurreko eremu bat sasiz eta sastrakaz garbitu zuela aprobetxatuz, bertako beste lau zuhaitz espezie (gurbitza, haritza, ametza eta gorostia) landatu zituzten ikasleek. Oraingo landaketa egin aurretik, ale hauen egoera ezagutu dute eta, gurbitza, bereziki, nola hazi den ikusteko aukera izan dute.

Joxean Sánchezen, Ingurumen zinegotziaren aburuz, “ekitaldi honen bidez agerian utzi nahi dugu Lezok ingurumena zaintzen duela. Belaunaldi berriak kontzien-tziatzeko balio izan du eta gure ingurunea eta ondare naturala ahalik eta gehien zaindu behar dela adierazteko”.