Goieki Goierriko Garapen Agentziak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker abian jarri duen Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez, Goierriko gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu nahi da, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, salbuespenik gabe. Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin ekimenaren barruan kokatzen da.

Egoera ahuletan edo behartsuetan dauden pertsonen kualifikazioa hobetzea bultzatu nahi da, identifikatutako kolektibo horien arraila eta gizarte-bazterketa ekidinez. Goiekiren ikuspegitik, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eta alternatibak eskaini behar dira, gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko.

Ildo horretatik, proiektu honen helburu nagusia parte hartzen duten pertsonek beren enplegagarritasuna eta era guztietako kualifikazio-mailak hobetzea da, erakunde publiko edo pribatuetan praktikak eginez amaitzen den prestakuntza-ibilbide integratu baten bidez. Horretarako, oinarrizko prestakuntza-ekintza zabala antolatu da.

Langile falta

Aipatu beharreko kontu bat da hurrengo urteetan belaunaldi erreleboaren beharrei aurre egiteko behar adina pertsona ez izatea. Goierrin ez dira merkatuko irteerak 20 eta 29 urte bitarteko biztanleria-sarrerarekin estaltzen. Azken batean, lan-jarduera bat egin dezaketen pertsona guztien beharra izango du eskualdeak, jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko, eta, ildo horretatik, pertsona guztiak integratzea, nahiz eta bazterketa egoeran edo arriskuan egon, gizarte-justizia kontua ez ezik, ekonomia-sarea mantentzeko beharra ere bada. Izan ere, Goierrin punta-puntako enpresa sarea dago, mundu mailan aitzindari diren enpresa ugari daude, baina, oro har, ezin dituzte lanpostuak lortu gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboek. Gizarte-kohesiorako arrisku larria identifikatzen da. Hori dela eta, beharrezkoa da egoera horretan dauden pertsonekin lan egitea, eta, horretarako, haien gaitasun oinarrizkoak eta teknikoak hobetu behar dira, lan-merkatura ahalik eta hobekien iristeko edo hurbiltzeko. 

Prestakuntza zabala

Horrela, Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez, oinarrizko prestakuntza-ekintza zabala planteatzen da hasieran, pertsona horiei 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko aukera emanez urte bukaeran. Ondoren, prestakuntza-ekintza teknikoak planifikatuko dira. Lehenik, lorezaintzaren esparruan; izan ere, 2023ko udaberriko ikasturtearen amaieran, udalek eta enpresek langile-beharrak izango dituzte, eta, ondoren, elektrizitatearen eta ehungintzaren arloetako prestakuntza teknikoa emango da. Horrekin batera, enpresa edo erakunde publikoetan praktikak egingo dira. Gainera, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza ere emango da, pertsonen komunikazio, lidergo eta talde-lan gaitasunak hobetzeko. Adibidez, emakume langabeei zuzendutako Emaktiva programa. 

Metodologia

Eskualdeko ingurune ekonomikoa osatzen duten eragile publiko eta pribatuen lankide-tza eta parte hartzea sustatuko duen metodologia baten bidez garatuko da proiektua. Erabakiak modu kolektiboan hartuko dira, eta eragile guztiek parte hartzeko aukera izango dute.

Orain arte emandako pausoak

Proiektua abian da dagoeneko eta 2024. urtera bitartean gauzatuko da bere osotasunean. Hasiera batean, Goiekik hartuko du parte lider gisa, Caritas erakundea, Sarea Fundazioa eta Goierri Eskolarekin elkarlanean. Prospektiker aholkularitza enpresak, berriz, idazkari-tza teknikoa eramango du. Horrez gain, Instagi elkarteak eta EDE Fundazioak ere parte hartuko dute.

2023. urtean hainbat jarduera antolatu dira. Esate baterako, martxora bitartean, lorezain-tzari buruzko prestakuntza gauzatu da Zizurkilen Fraisoro Lanbide Eskolaren eskutik. Ikastaro hau lana bilatzeko gaitasun digitalen beste ikastaro batekin osatu da Goierri Eskolaren eskutik. Bi prestakuntza horiek aldi berean eman dira eta ikasleei garraiorako beka bat eman zaie. Prestakuntza eskualdeko udaletan edo enpresa pribatuetan praktikak eginez amaituko da.

Bestalde, ekintzailetza bultzatzeko plana ere jarriko da abian, digitalizazioaren arloko prestakuntza eskainiz berriro ere Goierri Eskolaren eskutik. Laneratzeko programa horren barruan, 2023an beste bi prestakuntza osagarri eskaintzea aurreikusten da. Prestakuntza horiek, hasiera batean, urteko bigarren seihilekoan jarriko dira abian. Prestakuntza horiek ehungintzako edo larrugintzako eta instalazio elektrikoetako eta telekomunikazioetako gaitasun teknikoak landuko dituzte. Prestakuntza teknikoa 390 eta 380 ordukoa izango da, hurrenez hurren, arlo bakoitzean, eta praktikaldi batekin osatuko da.

Emakumeentzako lan aukera berri bat

Iazkoan izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere Emaktiva programa abiarazi da Goierrin. Banakako esku-hartzeen eta talde-ekintzen bidez, lana bilatzeko zailtasunak dituzten emakumeei gizarteratzeko ibilbide espezializatuak garatzea eta laguntzea du helburu, ikuspegi feministatik eta ingurune komunitarioarekin eta euskal enpresekin sarean lan eginez.

Otsailean Emaktiva programan izena emateko epea zabaldu ondoren, hautaketa-prozesuari ekin zaio Goiekik Ordizian duen egoi-tzan banakako aurretiazko hitzorduen bidez, eta, azkenik, maiatzetik ekainera bitartean, langabezian dauden eskualdeko emakumeei orientazioa eta laguntza emateko plana garatuko da. 2023 osoan, enplegagarritasuna gara-tzeko tailerrak, enplegua bilatzeko ahalduntze digitaleko tailerrak, eta enplegu-planak garatzeko banakako laguntza eta jarraipenak egingo dira, enpresen parte-hartzearekin. Informazio gehiago: www.emaktiva.org eta www.goierri.eus webguneetan.

Emaktiva programa, eskualdeko emakumeei zuzendua dago eta martxan da. Izen emateak irekita daude.


+ Info: 

www.emaktiva.org eta www.goierri.eus webguneetan