Genero ikuspegia duen ikerketa beka bat argitaratu du Astigarragako Udalak herriko emakumeen memoria historikoa berreskuratu, balioan jarri eta herritarren eskura ipintzeko. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 13ra bitartekoa izango da.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango litzateke eta asteartean argitaratu ziren bekaren oinarriak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Oinarriak eta eskaera orria Udalaren webgunean ikus daitezke ere.

Beka eskaerarekin batera, ikerketa-proposamen bat aurkeztu beharko dute eskatzaileek eta epaimahai batek baloratuko ditu. Ondoren, ikerlanen aukeraketa burutuko du epaimahaiak, merezimendu-lehiaketan lortutako puntuazioaren baitan.

Beka 18 urtetik gorako norbanakoek (Astigarragan erroldatuta egotea ez da ezinbesteko baldintza) edo horretarako propio osatutako nortasun juridikorik gabeko taldeek eska dezakete.

Ikerketa-esparrua irekia da, eska-tzaileak erabaki dezala ikerlanaren gaia, betiere bekaren xedearekin bat etorriz. Ikerketa burutzeko 18 hilabete egongo dira eta zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

2020an sortu zen bekaren lehenengo edizioa, zeinari esker XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu eta zabaldu ahal izan diren. Bigarren deialdian, emakumeek Astigarragako saltoki txikietan eta lehen sektoreko produktuen salerosketan izan duten zeregina aztertu nahi izan zen, baina ez zen proposamenik aurkeztu.

Informazio gehiagorako 638 206 586 zenbakira dei daiteke.