Apirilaren 20ra arte egongo da jendaurrean Astigarragako terrazen ordenantza berria eta ordura arte erreklamazioak aurkeztu ahal izango zaizkio. Ondoren, Udalak erreklamazio horiek guztiak aztertuko ditu eta zein onartuko dituen erabakiko du. Araudi berritu honek Astigarraga bizigarriagoa egitea du helburu. Udalak aditzera eman duenez, ordenantza berria indarrean sartzen denetik, egindako lizentzia eskaerei ordenantza berriak eragingo die. Hala ere, urte honetarako baimena lortu dutenei, aurreko ordenantzak urte osoan eragingo die.

Astigarragako Udalak iazko maiatzean jarri zuen abian terrazei buruzko ordenantza berrikusteko prozesua, hiru arrazoi nagusik eraginda. Alde batetik, bizikidetza deseroso baten seinale ziren hainbat bizilagunen kexak jaso zituen; bestetik, ostalari batzuek egun indarrean dagoen ordenantza ez zuten bete-tzen, zenbait arau-hauste agerian geratu zirelako; eta azkenik, pandemia amaituta, dagoeneko pandemia garaiko neurriak alde batera utzita, momentu hori bi aldeen gogoetarako inflexio-puntu egokia izan zitekeela baloratu zen.

Prozesuaren helburua terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea izan zen.

Prozesuaren lehenengo pausua diagnostiko bat burutzea izan zen eta behin diagnostikoa gauzatuta, hiru saio ireki egin ziren herritarrekin eta ostalariekin. Modu horretara, denon artean ordenantza aztertzeko abagunea izan zen, eta proposatutako aldaketak zerrendatu ziren.

2022ko abendura arte iraun zuen prozesu horren ondorioz, Udalak beharrezkotzat jo zuen ordenantzan zenbait aldaketa egitea, eta aldaketa nagusiak honako hauek izan dira: sarreran hautsontziak jartzea; mahaiak jarri ahal izateko lau metroko espazioa beharko da gutxienez eta upelen kasuan 3,5 metro; gehienez ere hamabi mahai jarri ahal izango dira fatxada bakoitzean eta 8.00etatik aurrera jarri ahal izango dira terrazak, 16 orduz udaran eta 15 orduz neguan.

Bideoa

Udalak bideo bat zabaldu du ordenantza betetzea guztion ardura dela gogorazteko: ostalariena, bizilagunena eta Udalarena. Bideoa udal webgunean eta Youtube kanalean ikus daiteke.