Usurbilgo Udalak aurten ezartzen hasiko diren zaintza eredu berriaren bide-orria aurkeztuko du martxoaren 29an, herritarrei irekia izango den saio batean. Gogorarazi dutenez, azken bi urteetan, Udalak, hainbat herritarrek eta eragilek, elkarlanean, zaintza eredu berri bat sortu dute Usurbilerako: eredu berri horretara jauzia egiteko garaia iritsi da, eta trantsizioa egiteko datozen hilabeteetan hasiko dira lehenengo neurriak martxan jartzen.

Gaur egungo eredua birformulatu dute, eta zaintza behar duen pertsonaren desioak errespetatu eta bere bizi-proiektua gauzatzen jarraitu ahal izatea da eredu berriaren helburua. Hau da, pertsona ardatz duen arreta da eredu berriaren norabidea.

Parte-hartze prozesu honen beste helburuetako bat zaintza lanak sozializatzea eta kolektibizatzea da, familiaren eta emakumeen ardura esklusiboa izatetik gizarte osoaren ardura izatera pasa dadin.

Udaletik gogora ekarri dutenez, parte-hartze prozesuak bi fase izan ditu. Lehenengoan, 2021ean, zain-tza ereduen inguruko hausnarketa eta diagnostikoa egin zen; hau da, egungo zaintza eredua aztertu eta zer mantendu eta zer aldatu nahiko luketen pentsatu zuten.

Hausnarketa hori modu kolektiboan egin zen, zaintzaren ertz guztien ordezkaritza bermatuta, gaiari ikuspegi integral batetik erantzuteko helburuarekin: zaintza jasotzen dutenak, familiako zaintzaileak, zaintzaile profesionalak, komunitatea, zaintza zerbitzuak, Udala, Matia Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Osakidetza.

2022an, bigarren fasean, hainbat lantalde sortu zituzten, nork bere lanketa egiteko, gainerakoekin koordinatzearekin batera: erabiltzaileak edo zaintzak behar dituzten pertsonak, gizarte zerbitzuak, komunitatea, zaintza zerbitzuak eta talde estrategikoa. Zaintza eraldatzeko ekarpenak egin zituzten taldeok, nork bere eremutik, eta hala, eredu berrira trantsizioa egiteko neurriak adostu eta bide-orri batean jaso zituzten.

Bi urteotan landutako edukiak Zaintza Azokaren bidez ezagutarazi zituzten 2022ko azaroaren 19an, eta bideo bat egin dute egun horretako edukiak laburtzeko. Bideoa udal webgunean eta YouTube kanalean ikus daiteke.

Aurten, 2023an, denen artean adostutako bide orria martxan jarriko dute, eta esan bezala, bertan jasotakoak aurkeztuko dituzte.