Udalak Visesari, Etxebizitza Sailburuordetzaren mendeko Sozietate Publikoari, Presa Iean, Biteri ikastetxearen parean, babes ofizialeko 66 etxebizitza, garaje eta eranskin eraikitzeko obra lizentzia eman dio.

“Oso berri ona da, etorkizunean Hondarribian etxebizitza publikoa eraikitzeko urrats berri bat. Gogoratu nahi dut Gobernu Taldearen Agintaldi Planean jasota dagoela Presa Iean etxebizitzak egitea. Hemendik aurrera, Visesak bi urte izango ditu eraikitze-lanak egiteko”, esan zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak.

2021eko abenduaren 29an Udaletxeko Areto Nagusian Presa I eremuan babes ofizialeko 66 etxebizitza hauek eraikitzeko hitzarmena sinatu zen. Lur-sailaren xehetasun-azterketa onartu zuen Udalak, horren ondotik. Azkenik, Visesaren eraikuntza proiektuari obra-lizentzia eman zion Udalak joan den ostiralean.

66 etxebizitza horiek Alokabidek kudeatuko ditu, eta horiez gain beste 55 aparkaleku gehigarri eta 260 koadro inguruko merkataritza lokal bat eraikiko dira.

Alkateak gogorarazi zuenez, “2021eko amaierako akordioa baino lehen, 2018ko azaroaren 12an lankidetza hitzarmen bat sinatu zen Udalaren eta Visesaren artean 84 etxebizitza eta txandakako aparkaleku bat eraikitzeko eremu horietan. Hala ere, 2021ean hitzarmena eta proiektua 1996ko Arau Subsidiarioetara egokitu behar izan ziren azterketa geotekniko berrien ondorioak eta 2020ko ekainean Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra baliogabetu izana kontuan hartuta”.

Lanak datozen hilabeteotan hasiko dira. “Oso jakitun gara Hondarribian etxebizitzaren egoera zein den, eta proiektu honek behintzat 66 familiari lagunduko die” amaitu zuen esanez Sagarzazuk.