Urretxun Zaindu egitasmoa jarri da abian. Udalaren helburua herriko zaintza sistema hobetzea da, pertsonak erdigunean jarriz, ahultasun eta menpekotasun handiena duten bizilagunen eta beraien zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako parte-hartzea sustatuko da. Sistema berria aitzindaria da Gipuzkoan.

Hasteko, Urretxuko Udalak, IMQ-Igurco eta Ideable enpresekin lankidetzan, menpekotasuna duten hainbat bizilagunen etxebizitzetan sistema digital bat instalatu behar du.

Sistema horrek zainduari eta zain-tzaileari laguntza eskainiko die. Tableten eta eskumuturrekoen bidez, zerbitzu soziosanitarioak jasoko dituzte. Beraien egunerokoan egin beharrekoari buruzko informazioa eskainiko diete eta erabiltzaileak teknikariekin harremanetan jarri ahal izango dira. “Gehienek beraien etxean bizitzen jarraitu nahi dute eta teknologiak horretan lagunduko die”, diote udal arduradunek.

Proiektu pilotu horretan hamabost erabiltzailek, beraien zaintzaileek, Urretxuko Udaleko Gizarte Ekintza saileko teknikariek, eguneko zentroko langileek eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek parte hartuko dute; Igurco enpresako adituen laguntzarekin.

Hasteko, sistemaren erabiltzaileen balorazioa egingo dute. Balorazio horren arabera, bakoitzari bere beharren araberako plana diseinatuko diote.

Teknikariek planen jarraipena egingo dute. Teknologiaren bidez, egunero erabiltzailearekin eta bere zaintzailearekin harremanetan jarriko dira. Egunero, zer egin behar duten azalduko diete. Tableta erabiltzeko ez da wifirik behar. Ezta informatika ezagutzarik ere.

Tabletaren bidez, egin beharreko ariketa eta zereginen berri emateaz gain, teknikariek erabiltzailearen eta zaintzailearen inguruko datuak jasoko dituzte. Hala, beraien egoeraren berri izango dute. Zerbitzua euskaraz eta gazteleraz eskainiko da.