Ados Pilotaren binakako txapelketa nagusiko finalak Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira. Jaialdia igandean izango da. Lehen partida 11.30ean hasiko da.

Promozio mailan, Barrocal eta Larramendik Zabaleta eta Agirreren aurka jokatuko dute. Lehen mailan, berriz, Gordonek eta Oskozek Aranbururekin eta In-tsaustirekin neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia 11:30ean hasiko da eta Hamaika Telebistak zuzenean emango du. Sarrerek hamar euro balio dute. Haurrak doan sartuko dira pilotalekura.

Finalak astearte arratsaldean aurkeztu zituzten, Beloki pilotalekuan bertan. Mikel Serrano Zumarragako alkateak finalak hartzea Zumarragarentzat “ohorea” dela esan zuen eta ekitaldia martxoaren 8ko programaren barne antolatu dutela gehitu zuen. Aurkezpenaren ondoren, pilota aukeraketa egin zuten.

Aurkezpenean eta pilota aukeraketan igandeko finaletan jokatuko duten bost pilotarik parte hartu zuten: Aranburuk, Intsaustik, Barrocalek, Zabaletak eta Agirrek.

Txapelketa abenduaren erdialdean hasi zen Beran eta hamabi bikotek parte hartu dute: lauk promozio mailan eta zortzik lehen mailan.