Hernaniko Lanbide Heziketak 75 urte beteko ditu gaur, martxoaren 1a izanik. Horregatik, ospakizunez jositako urtea dute aurretik. Lehenengo ekitaldiak aste honetan bertan burutuko dira.

Honenbestez, bihar arte Biteri kultur etxean eskolaren ibilbidea jaso-tzen duen erakusketa ikusgai dago 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.

Alabaina, festa handia ostiralean ospatuko da. 8.15ean txalaparta eta Agurra izango dira ikastetxearen sarreran. Ondoren, kiroldegira joango dira futbol partidak jokatzera eta hamaiketakoa ere bertan egingo dute. 12.00etan festa herri osora zabalduko da txarangaren laguntzarekin eta ordu berean ginkana hasiko da.

13.15ean, jolasak egongo dira Atsegindegin: billarra, futbolina, fotomatoia, putching... 14.30ean bazkaria izango da. Eguna amaitzeko, bazkalostean dantzaldia egongo da Dj Mikeltxirekin.

Apiriletik ekainera bitarte beste ekitaldi batzuk egongo dira. Oraindik ez dituzte datak zehaztu, baina ikastetxetik aurreratu dutenez, Hernaniko musika bandaren kontzertua, Tio Teronen Semeak taldearen ekitaldia eta Goiz Eguzki jubilatuen koroaren emanaldia izango dira, besteak beste.

Gainontzeko ospakizunak urrian izango dira. Hilabete hasieran ekitaldi instituzionala burutuko da eta bukaeran liburuaren aurkezpena eta egungo eta ikasle ohien bazkaria egongo dira.

Gizarte Berrikuntzako LHII-k 1948 urtean du jatorria. Escuela Profesional Obrera (EPO) izenarekin sortu zen Karmelo Labaka izeneko hernaniar apaiz gazte baten eskutik, Urbieta kaleko Ideal zinemako eraikinean. Berehala geratu zen eraikina txiki eta 1962 urtean gaur egungo egoi-tza inauguratu zen. 242 m2-ko eraikina izatetik 788m2-koa izatera pasa zen. Gaur egun, eraikina obretan dago eta urrian amaituko dira.

Bere historian eskolatik 15.000 ikasletik gora pasa dira.