Bihartik aurrera martxan izango da Usurbilgo udal lokalak digitalki erreserbatzeko webgunea: erreserbak.usurbil.eus. Oraingoz, Sutegiko eta Potxoeneko aretoak erreserbatu ahal izango dira webgune berriaren bidez; izatez, horiek izaten dira hitzordu gehien hartzen dituztenak. Aurrerago, gainerako udal lokalak ere horren bidez eskatu ahal izango dira. Webgunea Codesyntax enpresak egin du, Udalaren eskariz.

Erreserba edonork egin dezake, baina Usurbilen erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute eta eskaera automatikoki onartua izango da. Usurbilgoak ez direnen eskaerak aztertu egingo dira, baita enpresa batek egiten dituenak ere.

Gainera, orain arte bezala, erabilera herri onurarako bada, ez da ordaindu beharko, baina ez bada hala, tasa bat egongo da.

Kultura sailetik aditzera eman dutenez, kontutan izan behar da ekipamenduaren ordutegia. Potxoenearen kasuan, astelehenetik ostiralera 8.30etik 14.00etara zabalik dago. Beraz, bilera arratsaldean edo larunbat goizean bada, aretoa irekitzeko txartelaren bila joan beharko da goizean, laneko orduetan.

Eskaerak digitalki eta modu errazean egin ahal izateko tresna da webgunea. Erreserbak egiteko ez da beharrezkoa izango inon izena ematea edo erregistratzea.