Ekhi sistemarekin, herriko monetarekin, erosteagatik hobarien beste kanpaina bat jarriko du abian Udalak, Ekhilur kooperatibaren eskutik eta Berriak merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, martxoaren 1etik urtea amaitu arte. Beraz, urte osoko kanpaina izango da.

Honenbestez, datozen hamar hilabeteetan ekhi sistemaren bidez egiten diren salerosketa guztiek %10eko hobaria izango dute.

Epe luzeko kanpaina horretara 200.000 euroko partida bideratuko du Udalak. Patxi Ibargurenek, Tokiko Garapen, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, kanpaina berriaren aurkezpenean argitu zuenez, hobariak denboran luzatzeko eta ahalik eta jende gehiagorengana iristeko asmoz, “hilero partida jakin bat ezarri da, 20.000 eurokoa, eta erabiltzaileek, gehienez, hileko 100 ekhiko hobaria jaso ahal izango dute”.

Zinegotziaren hitzetan, “kanpaina honen helburua da tokiko ekonomia sustatzea, ekhi moneta sozialaren erabilera Hernanin sustatzea eta herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera erraztea”.

Zehaztu zuenez, “herritarrak erakarri nahi ditugu, batez ere, baina oraingoan profesionalak erakartzen jarriko dugu indar berezia. Izan ere, tresna honen potentzialitate osoa aprobetxatzeko profesionalen arteko salerosketak sustatu nahi ditugu, balio kate osoan eraginez”.

Dagoeneko ekhi monetak Hernanin urtebeteko ibilbidea egin du eta 2022. urtean egin ziren bi kanpainetan, guztira 42.860 euro banatu ziren dirulaguntza bidez, eta, horri esker, 292.897 euro sartu ziren Hernaniko Ekhilur sarean. Erabiltzaileei dagokionez, 743 batu dira guztira: norbanakoak 651, profesionalak 89 eta hiru elkarte.