Urola Erdian euskararen presentzia nabarmena da. Eskualdea osatzen duten herriko kaleetan, tabernetan, dendetan eta beste edozein establezimendutan jendeak euskaraz hitz egiten duela begi-bistakoa da. Gauza bera esan daiteke lantokietan eta, nola ez, ikastetxeetan. Azpeitin eta Azkoitin egindako ikerketa soziologikoek berresten dute errealitate hori. Azpeitiren kasuan, Kluster Soziologikoak eta Azpeitiko Udalak 2021ean egindako neurketen arabera, bizilagunen %86,6ak euskara erabiltzen zuen kaleko harremanetan; %10,1ak gaztelania, eta gainerako %3,6ak, berriz, beste hizkuntza batzuk. Bestalde, aipatu ikerketaren arabera, euskararen erabilera %4,7 hazi zen, 2016an egindako neurketekin alderatuta. 

“Azpeitia udalerri euskalduna den arren, aldatzen ari den herria da, hiztun profila aldatzen ari da, baita ohiturak ere. Erronka berriak ditugu, beraz”

Eneritz Albizu Euskara zinegotziak ontzat hartzen ditu emaitzak, baina konformismoan erortzeko arriskua dagoela ohartarazten du: “Azpeitia udalerri euskalduna da. Euskara bizi-bizirik dago kalean, eta, hein batean, horren erakusle dira kale-erabilerari buruzko datuak. Dena den, uste dugu tentuz interpretatu beharreko datuak direla. Izan ere, une eta leku jakin bateko argazkia da hori. Erroldako datuek, aldiz, herrian erroldatutako bizilagun guztiak hartzen dituzte kontuan. Hor ikusi dugu, esate baterako, etxeko euskararen erabilerak 13 puntu baino gehiago egin duela behera azken 20 urtean (%62). Lehen hizkuntza gisa euskara dutenen ehunekoa ere jaitsi da, 10 puntu (%71). Beraz, Azpeitia udalerri euskalduna den arren, aldatzen ari den herria da, hiztun profila aldatzen ari da, baita ohiturak ere. Horrek erakusten digu erronka berriak ditugula, euskaraz bizi nahi badugu”.

Azkoitiko kaleetan ere euskararen erabilera altua da. Soziolinguistika Klusterrak 2022ko maiatzean egindako ikerketaren arabera, azkoitiarren %66,9ak euskara erabiltzen zuen kalean, % 24ak gaztelania eta gainerako % 9,1ak beste hizkuntza batzuk. Marijose Arregi Azkoitiko Euskara zinego-tziak, euskararen alde lan egiteko denbora ez dela bukatu irizten du, Albizuk bezalaxe: “Azkoitia euskararen arnasgunea da, baina arnasgune izaten jarrai dezan, gizartearen eta erakundeen konpromisoak eta lanak tinkoa eta etengabea izan behar du. Kezkatuko ez bagintu euskarak, neurririk ez genuke hartuko eta euskarak gurean beste herri ba-tzuetan bezalaxe, azkar egingo luke atzera. Baina ez da kasua, Udalak Euskara Mahaiko beste eragile asko dituen moduan baditu euskara planak euskararen erabilera herrian eta udalean bertan sustatzeko. 2018tik 2022ra jaitsiera bi puntukoa izan da. Baina, kale neurketetan bilakaera da aztertu beharrekoa joera ezagutu nahi badugu. 2014ko lehen kale neurketaren emaitzak 2022ekin alderatuz gero, zortzi urteren ondoren, bost puntuko igoera egon da, 2014ko erabilera %61,5 izan zela kontuan hartuta”.

“Azkoitiak euskararen arnasgune izaten jarrai dezan, gizartearen eta erakundeen konpromisoak eta lanak tinkoa eta etengabea izan behar du”

Euskarak gora egin badu ere, aipatzekoak dira gaztelaniaren jaitsiera eta, aldiz, beste hizkuntzetako hiztunek Azkoitian duten presentzia nabaria. “Azkeneko lau urteetan gaztelaniaren erabilerak 2,5 puntu egin du behera, eta agerian gelditu da gainerako hizkun-tzen presentzia altua dela gure herrian. Beraz, ez nintzateke ausartuko esatera gaztelaniak gero eta leku handiagoa duela. Nolanahi ere, oro har, beste hizkuntzen eragina hor dago”, dio Marijose Arregik.

Azpeitiko eta Azkoitiko kale-erabilerari buruzko emaitzak bat datoz, hein handi batean, Eustatek 2021ean euskararen ezagutzari buruz argitaratutako txostenarekin. Azpeitiko herritarren %83 euskalduna da eta Azkoitin, berriz, kopurua %61,7raino iristen da Eustaten arabera. Urola Erdiko eskualdeko beste herrietara zabalduz gero ikerketaren emaitzak, euskaldunen kopurua %83,5eraino iristen da Zestoan, %85,8ra Bidania-Goiatzen, %90,6ra Beizaman eta %93,1era Errezilen.