Gizartearen zahartzea dagoeneko errealitate bat da. Datozen urteetan adinekoen zaintzaren arloan izango diren erronkei aurre egiteko asmoz, Azpeitiko Udala gogotik ari da lanean. Bide horretan, etxean zainduak izatea erabaki duten adinekoentzako etxez etxeko zerbitzu integrala eskaintzeko urtebeteko proiektu pilotua egin du dagoeneko, eta orain zerbitzua indartuko du. Hala, adinekoei urteko 365 egunetan, 24 orduz egiten zaie jarraipena. Tutoretzapeko etxebizitzak ere udazkenerako abian izatea aurreikusten du. Etorkizunean zaintza ekosistema eredu berri eta berritzailea sortzeko lanketan ere ari da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, azken bi urteotan eta elkarlan horren ondorioz, mendekotasuna duten pertsonentzako zentro berri bat eraikiko da Jose Artetxe kalean. 

“Eraikin bat baino askoz gehiago izango da. Zaintza eredu berri bat izango du oinarri. Bertatik koordinatuko da guztia eta adineko bakoitzari bizitzako etapa jakin horretako momentu bakoitzean behar dituen zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzea da helburua”, zehaztu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. 

Zaintza eredu berritzailea

Adinekoen zaintza sistemak aldaketak behar dituela gero eta nabariagoa da. Horregatik, azken urteotan adinekoen edo mendekotasuna duten pertsonen zentroak ospitale-eredua atzean utzi, eta eredu berritzaileak sortzen ari dira. Tokiko zaintza ekosistema propioa sortzeko ahalegina egingo da: gertukoa, zuzena eta pertsonalizatua. “Azpeitiko zentroak ere eredu berritzailea izango du. Hala, pertsona bakoitzaren nahi eta beharrak jarriko dira erdigunean eta sistemak horiei eran-tzuteko zaintza-ekosistema sortzea da xedea”, gaineratu du. 

Eraikin berria Jose Artetxen

Eraikin berriak 10.000-15.000 metro koadro artean izango ditu. Herrigune erdian eraikiko da, Jose Artetxe kalean. Eraikinak kanpoaldearekin lotura izango du lotaregi edo parke baten bidez; baina zentroan bertan daudenentzako eraikin arteko barruko patio bat ere izango du. Espazio publiko eta pribatuen arteko oreka bilatuko da erabiltzaileentzat. 

Lehen solairuan zerbitzu orokorrak kokatuko dira; hau da, bulegoak, sukaldea, aldagelak, garbitegia… Goiko pisuetan, berriz, bizikidetza unitateak egongo dira, 15-20 lagun bizitzeko espazioetan banatuta. Etxebizitza unitatearen barruan, erabiltzaile bakoitzak 35 metro koadro inguruko apartamentua izango du bere sarrera, sukalde txiki bat, jangela, egongela, logela eta bainugelarekin. Eta gutxienez kanpoaldera ematen duen leiho bat izango du.