Ostiral arratsaldean lehertuko da Inauterien festa Zumaian, izan ere, arratsaldean herri eskoletako haur eta irakasleek kalejira egingo dute 16.00etatik aurrera. Ondoren, 18.00etatik aurrera, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak eta ZUMB musika bandak mitologiako izaki eta kondairak eramango dituzte Zumaiako kaleetara.

Hurrengo egunean goiz eta arratsaldean Zumai txaranga arituko da kaleetan zehar giroa alaitzen. 12.30ean Astindu dantza elkartearen dantza-kalejira egongo da eta arratsaldean zehar, zumaiarrek argazkiak ateratzeko aukera izango dute Oxford aretoan prestatuko den Argazki Txokoan.

Mozorro onenak dituztenek sariak lortzeko aukera izango dute inauterietan. Haurrek larunbatean Eusebio Gurrutxaga plazan egingo den festan parte hartu beharko dute irabazteko. Izena 17.00etan eman beharko dute eta hiru sari egongo dira jokoan: banako edo bikote onenaren saria, 0-8 urte bitartekoen talde mozorro onenaren saria eta 9-12 urte bitartekoen talde mozorro onenaren saria. Lehiaketarako musika berezi bat nahi badute, izena ematen esan beharko da.

Heldu eta gazteen mozorro lehiaketan 16 urtetik gorakoek parte har dezakete eta bi sari banatuko dira: banako edo bikote onenaren saria (80 euro) eta taldekako mozorro onenaren saria (200 euro).

Bi sariak Gertuk, merkatari eta ostalarien elkarteak, emandakoak izango dira. Lehiaketan parte har-tzeko 18.30etik 21.00etara bitartean Oxford aretoan egongo den Argazki Txokora joan beharko da.

Larunbatarekin amaitzeko 22.00etatik aurrera DJ Davilaren saioa egongo da Amaia Plazan.

Igandean, eguerdian, Betijai fangarrearen kalejira izango da herriko kaleetan zehar. Ondoren, arratsaldeko 16.30ean haurrentzako Yuku eta Himalaiako lorea pelikula izango da Aita Mari zinema aretoan.

Azkenik, astelehenean, 15.00etik 17.30era Zumaienan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna egongo da.