Zumarragara joan da Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburua eta lehendakariordea. Mikel Serrano alkatearekin batera, Lanbideren gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu pilotuan parte hartzen ari diren bizilagunekin elkartu da. Proiektu honetan parte hartzen diren zumarragarrak udal brigadaren biltegian bulego bat eta aldagelak egiten ari dira.

Lanbideren planaren eskutik, hamar bizilagun horiek formazioa jaso dute eta hamar hilabeterako lana eman zaie. Egitasmoaren helburua lan munduan txertatzea da.

Serranok proiektu pilotu hau “oso garrantzitsua” dela esan du. “Proiektu oso garrantzitsua da, enplegu duina eta etorkizunekoa lortzeko ezinbestekoak diren elementu guztiak uztartzen dituelako. Izan ere, eraikuntzaren alorrean profesional kualifikatuen eskaera handia dago, belaunaldi erreleboaren beharrei erantzuteko. Confebask patronalaren arabera, hemendik 2030era bitartean 400.000 pertsona baino gehiago beharko dira industriaren, eraikuntzaren eta zerbitzuen eskaerari erantzuteko. Beraz, Zumarragan ezin genuen aukera hau pasatzen utzi”.

Udala txalotu

Mendiak Zumarragako Udalaren jarrera txalotu du, bere sailak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen dituelako.

Alkateak pertsonak Zumarragako Udalaren politika guztien erdigunean daudela eta bizilagunek beraien bizitza proiektua udalerrian garatu ahal izateko lan egiten jarraituko dutela aurreratu zuen. “Horretarako, enplegua funtsezkoa da. Kalitatezko enplegua”, esan zuen.