Lasarte-Oriako EH Bilduko Bilguneak aste honetan 2023ko udal hauteskundeetarako zerrendako lehenengo zortzi kideak aurkeztu ditu. Gaur egun zinegotzia den Esti Garmendia Arrieta da zerrendaburua datorren legegintzaldian alkatea izateko.

Garmendia alkategaiak aditzera eman zuenez, “gogo handiz heldu nion erronka honi”, eta asteartean EH Bilduko herri proiektua osatu eta aurrera eramateko bere taldekideak aurkeztu zituen. Horietako batzuk eskarmentua dute jadanik herri politikan.

Gainontzeko taldekideak hauexek dira: Uxue Loinaz Urruzola, AsierGorostegi Aliri, Oihan Agirretxe Iradi, Sandra Barkaiztegi Navarro, Alex Ramos Portero, Naia Perez Agirre eta Pablo Barrio Ramírez. Datozen egunetan, EH Bilduko oinarriek zerrenda kideak berresteko aukera izango dute.

Lantaldea aurkezteaz gain, Lasarte-Oriako EH Bilduren hauteskunde programa lantzen aritu da HerriBatzarra, eta datozen egunetan herritarrek programari ekarpenak egiteko aukera izango dute, horretarako galdetegi bat zabalduko dute. Prozesu honen xehetasunak aurrerago emango dituzte.