Euskal Herri plazako bizilagunekin hitzartutako errotazio sistema dela eta, aurtengo inauterietan ez dira txoznak hor egongo. Horrela, hainbat eragilek plaza Berrian “festa gune irekia eta herrikoia” antolatzeko ekimena abiatu dute: “Edozein herritar eta eragileek parte hartu dezaken proiektu gisa irudikatu dugu, baldintza bakarra da gune horren eraikuntzan lan egiteko borondatea izatea”.
Aditzera eman dutenez, aldarrikapen ezberdinak (euskara, feminismoa, aniztasuna...) festarekin uztartuko dituen gune bat sortu nahi dute “gure herriko Inauterietan integratua egongo dena eta alde zaharreko bizilagunekin errespetuzko tratua bilatuko duena”. Proiektu berria izanik eta Tolosako Inauteriek duten izaera parte-hartzailearen logikatik, edozein herritar eta eragileri irekia dago. Interesa dutenek inauteri.herrikoiak@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.
Azaldu dutenez, “orain arteko txoznagunearen erabilera mugatua gainditu” nahi dute eta gaueko eskain-tzatik haratago doan egun guztiko erabilera eman nahi diote. Horretarako, mahaiak eta aulkiak izango dira kuadrilek eta familiek aukera izan dezaten bertan zerbait edateko edo jateko. Gainera, euria eginez gero babes gune ederra geratuko li-tzake txarangek edota nahiko lukeen orok erabili dezan.
Horregatik planteatu dute karpa ahalik eta diafanoena izatea, ahalik eta aterpe handiena izan dezan bertaratzen denak. Helburu hori lortzeko karpa barruan ez da barrarik kokatuko eta kasetak kanpoan kokatuak daude diseinatu duten gunean. Argitasun gehiago izateko, teilatuko lonak gardenak izango lirateke.
Guneko musikaren dezibelioak eta zarata maila bizilagunen kexu eta ezinegonen sorburu nagusia direla jakinik, garrantzi bereziaz kudeatu nahi dute gaia. Hainbat neurri proposatu dituzte; hala nola, urtero bezala dezibelio limitagailua jartzea, azken kontzertua beranduenez itxiera baino ordu eta erdi lehenago amaitzea, azken kontzertua beti Dj-a izatea edo gauero ez antolatzea kontzertuak.
Egitarauari dagokionez, bi berrikuntza aurreikusi dituzte. Alde batetik, Ostiral Mehea emakumeen danborradaren eguna dela baliatuz, proposatzen dute hori ere kontzertuetan islatzea eta egun horretan joko luketen taldeak emakumeez osatuak izatea. Beste aldetik, larunbat goiz eguerdian, egitaraua beste egunetan baino apalagoa denez Jatorkin gune honen parte izanik, Tolosako migranteen komunitatearekin elkarlanean egitarau bat zehaztea proposatzen dute.
Azkenik, jakinarazi dute gunean eraso matxistaren bat gertatuko balitz, aplikatuko litzatekeen protokoloa Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko Asanblada Feministaren artean adostutakoa izango litzatekela.