Txirikorda bi kolektibo zehatzi zuzendutako proiektua da: emantzipatu nahian ari diren 18-30 urte bitarteko gazteak eta bakardadeari ihes egin eta konpainian bizi nahi duten 65 urtetik gorako pertsona helduak.

Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa zabaltzetik gertu dago eta Udalaren aurreikuspenen arabera izen-ematea otsail hasieran irekiko da. Horiek horrela, larunbatean 11.00etan Potxoenean bilera informatiboa deitu du Udalak, zalantzak argitzeko. Saio informatiboan parte hartu nahi dutenei Usurbil Kulturan aurrez izena emateko eskatu diete.

Horrez gain, bestelako elkarbizi-tza eredu bat sustatu nahi da: bizi eredu komunitarioa, bi kolektiboek elkar aberastu eta elkar zaintzeko.

2019an egindako parte-hartze prozesua dago proiektuaren oinarrian: orduan finkatu ziren ezaugarri eta eduki nagusiak, eta legealdi honetan proiektua gauzatu da.

Urrian onartutako ordenantzak Txirikordako etxebizitzak esleitzeko moduak eta sarrera baldintzak zehazten ditu. Txirikordak 16 etxebizitza izango ditu, alokairuan: bi logelako sei, eta logela bakarreko hamar.

Belaunaldi arteko oreka manten-tzeko, zortzi etxebizitza 18-30 urte bitarteko gazteentzat izango dira eta beste zortzi 65 urtetik gorako helduentzat. Kolektiboren baten kasuan, etxebizitzak hasieratik beteko ez balira, erreserban utziko lirateke, belaunaldiartekotasun izaera ez galtzeko.

Esleipen moduari dagokionez, kolektiboaren arabera egingo da. Gazteen kasuan, zozketa bidez egingo da. Gehienez, bost urteko iraupena izango dute kontratuek, eta ez dira luzagarriak izango. Esleipena egiten den unean 18 eta 30 urte bitartean izatea eta etxerik jabetzan ez izatea izango da sartzeko baldintza, Usurbilen bi urtez erroldatuta egotearekin batera.

Helduen kasuan, baremazio bidez esleituko dira, Udaleko gizarte langileek egindako txosten baten bidez. Ordenantzan finkatu dituzte baremazioko aldagaiak ere. Bost urterako izango dira kontratu horiek ere, baina helduen kasuan luzagarriak izan daitezke, etxea esleitu orduko egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Hauen kasuan ere, bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Alokairuagatik ordaindu beharrekoak ere zehaztu dituzte ordenantzan; alokairua, gehienez ere, diru-sarreren %15 izango da.