Hiru urteren ondoren bueltan dira San Blasak Idiazabalera, normaltasunez eta murrizketarik gabe. Hori dela eta, idiazabaldarrek gogoz eta ilusioz gainezka biziko dituzte herriko jaiak. Bihar hasi eta otsailaren 5ean amaituko dira festak, eta tartean, otsailaren 2an, Axaria jaitsiko da. 30 ekitaldiz gozatu ahal izango dute herritarrek zein bertaratutakoek, adin zein zaletasun ezberdinak dituztenek. “Egitarau anitza eta bikaina osatu du Festa Batzordeak”, adierazi du Iñaki Alberdik, Idiazabalgo alkatea denak.

Urtero falta ezin diren ekitaldiak, ohikoak eta tradizioz beteta daudenak, nagusi izango dira koronabirusaren pandemiaren ondorengo jai herrikoi hauetan; besteak beste: txistulari alardea, herri krosa, txirrindulari lasterketa, haur eta helduen danborradak, goitibehera txapelketa... Ekintza hauek ez ezik, musika kontzertuak, dantza emanaldiak, pilota partidak, herri kirolak, paella bazkaria, sagardotegiko afaria, bertso saioa… ere izango dira.

Gainera, berezia izango da herriko txistulari alardea, izan ere 30. edizioa izango da 2023koa. Hori dela eta, Birigarroa Txistulari Elkarteak lagunez beteriko ikuskizuna antolatu du. Abesbatza, dantzariak, danborrada eta gonbidatu ugari izango dira oholtzan. Hilaren 28an, larunbatean, izango da saioa, arratsaldeko 20.00etan, Zelaako kiroldegian.

Komertzioak erdigunean

Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuen garrantzia azpimarratu eta herriarengatik eta herriarentzat egiten duten lana goraipatzeko helburuz, San Blas jaietako pregoilariak izango dira Izal Bizia taldean elkartu diren Idiazabalgo saltokietako langieak. “Antolatzailerik gabe, noski, ez dago festarik, baina ezta herriko merkatari, ostalari eta zerbitzurik gabe ere. Ez festarik, ez herririk. Balore garrantzitsua zarete Idiazabalentzat. Zaindu ditzagun, herria bizirik nahi badugu”, adierazi du alkateak jaietako programarako eskainitako hitzetan.

Dagoeneko eskuragarri daude festetako zapiak eta otorduetarako sarrerak Izparren. Edalontzi berrerabilgarriak ere eskuragarri izango dira.