2020. urtean Astigarragako Udalak emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko helburuarekin ikerketa beka bat sortu zuen. Bihar beka horren emaitzan oinarrituta dagoen liburuaren aurkezpena egingo da Erribera kulturguneko erakusketa gelan 18.00etan.

Astigarragako emakumeen historia hurbila, gorputz-praktiken bidez azaldua (XX-XXI. mendeak) izenburupean, Amets Castrejana Fernández egileak XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz-praktikak erakusten ditu.

Aurkezpenean Amets Castrejana Fernández egilea egongo da eta Carmen Díez Mintegi antropologoa ere gonbidatu dute. Saioa elebietan izango da eta amaitzerakoan luntx bat egongo da bertaratzen direnentzat.

Liburuan jasotako ilustrazioak herriko hainbat emakumek (Ainhoa Arzallus Goñi, Griselle Morales Padrón, Saioa Arteaga Gómez) eta Astigarte elkarteko kideek osatu dituzte. Hauek ere aurkezpenean parte hartuko dute.

Liburua elebitan idatzita dago eta salgai jarriko da aurkezpen ekitaldian bertan eta Erriberako leihatilan otsaila bukaera arte (arratsaldez, 16.00etatik 20.00etara). Gainera, laster Udalaren webgunean jarriko da liburua doan edonork deskargatzeko moduan (pdf formatuan).

“Ametsek gure herriko historiari beste irudi eta irudikapen batzuk, bestelako sentsazioak eta gorputz-praktikak gehitu dizkio. Hain zuzen ere, Astigarragako emakumeek bizi izan zituztenak”, aditzera eman dute Udaletik. Argitalpen honek Astigarragako emakumeek utzitako arrastoak erakusten eta jasotzen ditu, herriaren historia osatzeko. Landa-eremuaren eta hiritartzearen arteko historia da, tradizioaren jarraipenaren eta aldaketarako irekieraren artekoa.

Curriculuma

Nahiz eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua (2005) egin, 2019an bere ibilbideak bira eman zuen eta antropologiaren eta ikerketa feministen esparruan murgildu zen bete-betean. Gizarte Antropologiako Masterra egin zuen hasieran, eta, ondoren, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterra, biak EHUn.

Gaur egun, emakume kirolariaren generoaren sozializazioari buruzko doktoretza tesiarekin ikerketa lanetan dihardu eta feminismoaren, generoaren eta kirolaren arloan prestakuntza ematen du.