Zurekinek, Zarauzko ostalarien elkarteak, biharko egunerako Sagardo Eguna antolatu du. Ekitaldi honen bidez, ostalariek ongietorria emango diote aurtengo txotx sasoiari. 12.00etatik 14.00etara ospatuko dute Sagardo Eguna eta bederatzi sagardogilek hartuko dute parte bertan.

Eguna ekitaldi ugariek beteko dute. Hauen artean, musika, bertsoak Motxian bertso eskolaren eskutik eta txistulariak Goizeko Ihintza elkartearekin egongo dira.

Familien txokoa ere izango dute txikiak disfruta dezaten. Bisitariek 10 eurotako txotx batekin, Sagardo dastaketa, txuleta pintxoa eta kopa eskuratuko dituzte eta horrela sagardogile guztien sagardoak dastatu ahal izango dute. Euskal Parrilla izango dute bertan ere txuleta pintxoak egiteko.

Berrerabilpena sustatzeko asmoarekin, kopa bueltatzen duenari bi euro itzuliko zaizkio.

Bederatzi sagardogile Biharko egunean, bertan, bederatzi sagardogilek hartuko dute parte: Aburuza (Aduna), Altuna (Urnieta), Ekain (Zestoa), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Ordo-Zelai (Oiartzun), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia) eta Urdaira (Usurbil).

Omenaldia Sagardoaren festari hasiera eman aurretik ekitaldia egingo dute, urtero bezala, eta aurtengoan Jose Aristi Xiplo eta Mari Paz Rodrigo, Aritza tabernako jabeei egingo zaie omenaldia. Biak zendu direnez, bertara bere semeak gerturatuko dira.

Duela astebete ireki zuten sagardo denboraldia eta biharko Zarauzko Sagardo Egunarekin ere ongietorria egingo diote dastaketarekin.