Usurbilgo lehenengo mendi ibilbide homologatua aurkeztu zuen atzo Udalak: Errotarrien Bidea (PR-GI 216). San Estebandik atera eta Andatzara bira ematen dio 8,7 kilometroko ibilbide zirkular eta errazak.

Horrez gain, orain artean Anda-tzan topatutako errotarririk txikiena eta zaharrena Potxoenean jarri dute, ondare horren ezagutza are gehiago zabaltzeko helburuarekin.

Atzo egindako aurkezpenean, Ainhoa Arrozpide zinegotziak gogorazi zuenez, azken urteetan hainbat aurkikuntza egin dira Andatzan. Aranzadiko kide Joseba Alonsok eta Javi Castrok egin zituzten aurkikun-tza horiek, Asier Agirresarobe usurbildarraren laguntzarekin. 2020an, azterlanaren berri eman zutenean, 24 harrobi eta 129 errotarri topatuak zituzten Andatzan, eta gehiago ere dokumentatu zituzten, gerora. Horrez gain, ehundik gora dokumentu ere topatu zituzten artxiboetan, besteak beste, 1389ko dokumentu historiko bat, Orreagaren eta Zizurkilen arteko epaiketa baten ebazpen-dokumentua, Andatzako lurren jabetzaren ingurukoa.

Andatzan topatutako errotarririk zaharrena eta txikiena Potxoeneako beheko solairuan ipini dute, Dema plazara ematen duen leihoan. Zatiaundi errekaren ondoan topatu zuten. Aranzadik lagunduta, identifikazio fitxa bat jarri diote ondoan, errotarriaren ezaugarriak azaltzeko. Gainera, QR kodearen bitartez informazio zabalagoa eta zahatzagoa lor daiteke. Litekeena da errotarri hori XV-XVI mende bitartekoa izatea.

Bestalde, Ibon Goikoetxea Udaleko Ingurumen teknikariak azaldu zuenez, Errotarrien Bidea ibilbideak Andatzaren magala inguratzen du, eta bertan hainbat errotarri eta harrobi ikusteko aukera izango dute ibiltariek. Gelditu gabe, hiru ordu eta 25 minutuan egin daiteke, marra hori eta zuriak jarraituz. Panelak ere jarri dituzte. Udalaren eta 650 Usurbil Biziren webguneetan deskarga daiteke GPSetarako ibilbidea, eta laster Gipuzkoa Naturan eta Wikiloc webgunean jarriko dute.

Goikoetxeak jakitera eman zuenez, Oria ibaiaren ertzetan betidanik izan dira errota ugari, eta etengabe behar izaten zituzten errotarriak lanerako. Harginek Andatza inguruan aurkitzen zituzten errotarriak egiteko aproposak ziren harriak: mendian bertan landu eta errotetara garraiatzen zituzten gero.

Amaitzeko, aurten errotarrien inguruko liburuxka bat argitaratuko dutela, bai paperean eta baita digitalki ere esan zuen zinegotziak.