Itziarko Auzo Udalak Apaizetxea eraikinarekin batera, honi lotutako lursailak errentan hartu zituen iaz. Azken hauek izaera publikoa bereganatu dutenez, 600 bat metro karratuko baratza eremua egokitu da bertan, herritarrei jarduera berriari ekiteko aukera emanez.

Guztira, hamar partzela jarri dira eskuragarri. “Aisialdirako eta jarduerako espazio bat eskaintzea; inguruan aprobetxatzen ez diren eremuak erabilera publikoetarako berreskuratzea; herritarren partaidetza eta garapen iraunkorra sustatzea, biodibertsitate espazioa sortuz; eta belaunaldi arteko hartu emanak bultzatzea” dira proiektu honen helburuetako batzuk.

Baratza publiko hauek instalazio partekatuak ere izango dituzte, hala nola: lanabesen biltegia, ureztatzeko ur-puntua, konpost gunea eta mahai gune bat. Hamazortzi urte beteta eta Itziarko Auzo Udalaren barrutian erroldatuta egotea ezinbestekoa da zerbitzu hau erabiltzeko, baita Udalarekiko zerga betebeharrak eta bestelakoak ordainduta izatea ere.

Hilaren 30era arte aukera dago izena emateko harrera bulegoan. Erabilera eta ustiaketa doakoa izango da, baina, ordainetan, baratzagintzari lotuta antolatu daitezkeen gizarte ekintzetan laguntzea eskatuko zaie esleipendunei. Partzelak baino eskaera gehiago egongo balira zozketa egingo litzateke.