Sute baten ondorioz hiru mendizale hiltzen dira. Konpainia izeneko aseguru etxeak Ainhoa Sanz peritua bidaliko du kasua ikertzera, eta honek, kontrolatzen ez duen ingurune batean, jakin beharko du nola mugitu ar-tzain, polizia eta halakoen artean egia jakiteko. Hauxe da, oro har, Suak erreko ez balu (Txalaparta) izenburu duen Eneko Barberena idazlearen azken lana. Hilaren 24an aurkeztuko du etxean, Jokin Labayenen laguntzarekin. Hitzordua Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango da, 18.30ean hasita.

Kasu honetan, arrasatearra nobela beltzaren generoan murgiltzen da. “Gaztetatik izan naiz zale eta gustuko izan dut. Aitzakia bezala aprobetxatu dut nobela beltzak irakurtzeko, pelikulak ikusteko… Gozada bat. Gero generoaren arketipo batzuk errespetatu ditut eta beste batzuk apurtu, baina irakurleak berehala igarriko du hori”, azaldu du Barberenak.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean euskal literatura beltza hedatzea, eta munduan argitaratzen diren genero honi eskainitako lanak euskaratzea helburu duen bekaren fruitua da Suak erreko ez balu liburua. Izan ere, 2021ean deitutako bosgarren edizioa irabazi zuen Barberenak Xukuneatik aldendu ahala proiektuarekin.

Bere azken lanarekin “oso pozik” dagoela aitortu du idazle arrasatearrak. “Lan handia egin dut eta uste dut eman nezakeen guztia eman dudala”, dio egileak. Orain arte jendearengandik jaso dituen inpresioak “onak dira; adorea ematen duten horietakoak”, gaineratu du Barberenak; eta onartu du, halaber, bere liburua irakurtzen ari diren irakurleak “zoriontsu egingo banitu, ni pozarren nintzateke”.

Ibilbidea literaturan

Zuzenbidean lizentziatua da ikasketaz Eneko Barberena, eta hainbat kultur elkartetan jardun izan du, baita bere jaioterriko udalgintzan ere. Igogailuak Dow Jones eta beste droga batzuk (ipuinak, 2002); Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (poesia, 2004); Martin Larralde (CD-liburua, 2011); eta 2018an Augustin Zubikarai nobela-bekaren 18. edizioa eskuratu zuen Afrikaners proiektua dira literatura alorrean argitaratu dituen lan batzuk.

Argia ikusi berri duen azken liburuaren ondoren, momentuz, atseden hartu nahi du Barberenak. “Badut zerbait buruan, baina hustuta bukatu dut eta ez diot nire buruari inongo erronkarik jarri nahi”, aurreratu du idazle arrasatearrak.